Ostalarientzat prestakuntza saioak eskainiko ditu UKUEk

Sektorea babesteko eta ostalaritzako profesionalen alboan egoteko konpromisoa agertu du Urola Kostako Udal Elkarteak.

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak tabernak eta jatetxeak ixteko agindua eman zuenetik, egoera zaila bizi du ostalaritzak, eta sektoreari laguntzeko hainbat ekimen jarriko ditu martxan Urola Kostako Udal Elkarteak. " Sektorea babestu eta ostalaritzako profesionalen alboan egoteko konpromisoa dugu eta horretarako hainbat egitasmo abiatuko ditugu", azaldu dute.

Ziurgabetasunaren aurrean, formazioa
Negozioetan sor litezkeen desbideraketa ezberdinen gaineko diagnostiko goiztiarra egiteko hainbat kontrol erreminta eskainiko dituzte bi eguneko formazioan. "Ostalaritza sektorea geroz eta prestatu eta profesionalizatua bada ere, kudeaketa eredu eraginkorrago baterantz urratsak emateko diseinatu da formazioa. Beti ere, egungo testuingurua kontuan hartuta; hau da, ziurgabetasun egoeratik abiatuta, epe motz eta ertainera begira jarraitu beharreko estrategiak zehazteko asmoz", adiera dute UKUEtik.

Launa orduko bi saio eskainiko dituzte. Ikastaroa aurrez aurrekoa izango da Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan, goizez:

  • Egunak: Abenduak 3 (osteguna)  eta 4 (ostirala)
  • Ordua: 09:30etik 13:30etara

honako hauek dira bi saioetan landuko dituzten gai nagusiak:

  • Covid-19ak eragindako testuingurua: ziurgabetasunetik ohitura aldaketetara
  • Negozioaren kudeaketa: lantaldeak, estrategiak, negozio eredu berritzaileak…
  • Etengabeko aldaketa: akatsetatik abiatuta, sare sozialetaraino.
  • Eramateko zerbitzua: take away, delivery eta packaging aukerak
  • Covid-19aren ondorengo joera nagusiak: ordutegiak, prezioak, bezeroarekiko konfiantza…

Plaza kopuru mugatua izango du prestakuntza saioak, eta gehienez, eskualdeko 12 partaidek izango dute ekimenean parte hartzeko aukera. Izena emateko enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzi beharko dute ostalariek; mezuan udalerria zehaztu eta jarduera ekonomikoaren xehetasunak eman beharko dituzte. Izena emateko epea abenduaren 2an, 12:00etan amaituko da.

Aurrera begirakoak
Lehen prestakuntzaz gain, zuzen-zuzenean ostalaritza sektoreari bideratutako hainbat ekintza ere abiatuko dira datozen asteetan. Urtea amaitu aurretik, esaterako, formakuntza berri bat eskainiko dute eramateko zerbitzuari buruzkoa.

Era berean, eramateko zerbitzua eskaintzen duten eskualdeko establezimenduen gida bateratua lantzen ari dira  udal elkartea, eskualdeko bost udalak eta tokiko merkatari eta ostalarien elkarteak. Bukatutakoan herritarren eskura jarriko dute gida, bertako kontsumoa bultzatzeko helburuarekin.

Ostalaritza sektoreari laguntzeko ekimenen inguruko informazio gehiago jasotzeko, mezua idatzi daiteke enpresa@urolakosta.eus helbidera edo telefono deitu 943-89 08 08 zenbakira.