Bertso sorta: 'Alegiak'

Zarauzko Hitza 2020ko aza. 30a, 11:30

Inaxio Uria Isasti-k bertso jarriak bidali ditu ZARAUZKO HITZAra. Kopla handia doinuan abestekoa da sorta.

-1-

Jasotzen duzuna ez baduzu
zure gustuko inolaz
Ematen duzuna berrikusi
eta aztertu axolaz

-2-

Ez zaitez kexatu etengabe
zahartzen ari zarelako
Hori jende ugarik ez duen
pribilegioa delako

-3-

Atzoko atsekabe ta penak
eta biharko beldurrak
Horiek dira zehazki gaurkoa
kentzen diguten lapurrak

-4-

Iraganaz ikasi behar da
Gogotsu oraina bizi
Gero etorkizuna landuaz
lorpenetara iritsi

-5-

Aberastasuna ez neurtu
duzun diruagatikan
Baizik diruz inoiz aldatuko
ez zenukenagatikan

-6-

Jakintsu batek ilargiari
behatzez dio apunta
Ezjakinak hori behatuaz
ikusten du behatz punta

-7-

Inoiz eduki ez duzun zerbait
eskuratu nahi baduzu
Sekula egin ez duzun zerbait
osatzen saia burutsu

-8-

Irabazleak lagun ugari
izan ohi ditu,baina
galtzaileak bere inguruan
lagun onak. Alajaina!!!

-9-

Egun on batek ematen dizu
une batez zoriona
Egun txar batek esperientzia
Ondoren beti da ona

-10-

Tigrea eta lehoia dira
argiro indartsuenak
Baina otsoak zirkuentzako
lan egiten ez dutenak

-11-

Urguilua arriskutsua da
Kaltegarri ezinbeste
Pozoi horretaz irentsi gabe
intoxikatu zaitezke

-12-

Bizi izan duzunaren maisu
Gaurko bizitzan artisau
Eta bizitzeko duzunaren
ikasle egun eta gau

-13-

Ausardi ezak oztopaturik
eman gabeko urratsak
uzten ditu bere ondorioz
nabarmen aztarna latzak

-14-

Ordura garaiz heltzea soilik
ez da puntualitatea
Ezaugarri tankeratsukoa
da garaiz aldegitea