'Beste bat!' ekimenaren barruan, zazpi emanaldi berri programatu dituzte Modelon

Amaia Urbieta Arruti 2020ko aza. 30a, 12:00

Hainbat artista ezagun igaroko dira datozen hiletan Modeloko oholtzatik: Eñaut Elorrieta, Olatz Salvador, Bulego taldea... Beste bat! Zuzeneko Arteen Zirkuituaren barruan, dantzaz eta musikaz gozatzeko aukera izango da Zarautzen ere.

Abendutik aurrera ere, musika eta dantza izango dira protagonista Modelo aretoan. Beste bat! Zuzeneko Arteen Zirkuitua osatu du Euskal Herriko Musika Bulegoak, Euskadiko Antzoki Sarearen lankidetza eta Eusko Jaurlaritzaren finantzazioarekin; zirkuitu horretako zazpi emanaldi Zarautzen izango dira, Modelo aretoan.

Irune Urbieta udaleko Kultura zinegotziak interesgarritzat jo du ekimena, martxotik kulturaren sektoreak "asko sufritu" duelako, eta "beste bultzada bat" eman nahi diotelako. Emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira eta sarrerak salgai daude dagoeneko, 8 euroan, Modeloko leihatilan edo kutxasarrerak.com webgunean. Eusko Jaurlaritzak unean-unean agintzen duen edukieraren arabera antolatuko dituzte ekitaldiak. Gaur-gaurkoz, %50ekoa da edukiera muga.

Ondorengo emanaldiak izango dira ikusgai:

  • Abenduaren 10ean, Eñaut Elorrietaren kontzertua, Irteera argiak diskoa.
  • Abenduaren 17an, Buffalo taldearen kontzertua.
  • Urtarrilaren 7an, Bulego taldearen Ilun dagoen arren bira.
  • Urtarrilaren 14an, Amoranteren kontzertua.
  • Urtarrilaren 29an, Haatik dantza konpainiaren Errimak bi oinetan.
  • Otsailaren 11n, Olatz Salvadorren kontzertua.
  • Otsailaren 26an, Miren Amuriza eta Askoa Etxebarrieta La Pulgaren Gorria emanaldia.