Santa Anako egoiliarrek erabiliko dute Arrosategi parkearen zati bat

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 30a, 13:00
(Dorleta Agiriano Lai)

Egoitzaren eta parrokiaren artean dagoen zatia erabiliko dute egoiliarrek, eta senideekin atera ahal izango dira bertara. Gipuzkoako beste hiru herritan ere egokitu dituzte aire zabaleko espazioak adinekoen egoitzetako erabiltzaileek baliatu ditzaten, eta proposamen berriak prestatzen ari dira beste hainbat herritan.

Aurrerantzean, Santa Ana egoitzan bizi diren pertsonek soilik erabiliko dute Arrosategi parkearen eremu bat, hain zuzen, zentroaren eta parrokiaren artean dagoena. Behin-behineko neurri bat izango da momentuz, pandemia dela-eta indarrean sartutakoa. Hortaz, oraingoz, Santa Anako egoiliarrek parkera ateratzeko aukera izango dute senideekin batera.

Udalak itxiturak jarri ditu Arrosategian egoiliarrek erabiliko duten zatia mugatzeko, eta goizero garbitu eta desinfektatuko dute.

Neurri berriak

Gipuzkoako udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak duela hiru aste ekin zioten aire zabaleko espazioak egokitzeko eta lagatzeko aukera aztertzeari, adinekoen egoitzetako erabiltzaileek aukera izan zezaten horietara irteerak egiteko. Izan ere, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak azaldu duenez, lurraldeko 65 egoitzetan dituzte aire zabaleko guneak, baina beste zentro askotan ez dute halako baliabiderik. Hala, dagoeneko lau herritan prestatu dituzte kanpoko espazioak egoiliarrentzako: Zarautzen, Arrasaten (Iturbide zentroa), Tolosan (Uzturre zentroa) eta Lazkaon (Sanitas Txindoki zentroa). Beste zenbait herritan proposamenak prestatzen eta aztertzen ari dira egun, Gipuzkoa osoan "egoiliarrentzako ibilaldi eta irteera seguruak bermatzeko", Olanoren esanetan.

Dena den, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek Eusko Jaurlaritzarekin batera ezarritako protokoloen aginduz, 100.000 biztanleko positibotasun tasa 500dik gorakoa den herrietako egoitzetan, debekatuta daude irteerak eta senideen bisitak. Olanok azpimarratu duenez, "oso neurri zorrotzak" hartu dituzte COVID-19aren bigarren olatuan; "baina hala ere, tamalez, 83 hildako izan ditugu Gipuzkoako egoitzetan".