Positibo berrien kopurua egonkortu egin da

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 4a, 13:06

Beste lau positibo zenbatu zituen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Zarautzen. Aste honetan izan den kopuru baxuena da. Hego Euskal Herrian, jaitsiera handia izan da positibo berrien kopuruan.

Pandemiaren bigarren olatua ari da pixkanaka indarra galtzen. Positibo kopurua beherantz ez badoa ere, egonkortuta dagoela esan daiteke. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, lau lagunek eman zuten positibo atzo Zarautzen. Aste honetan zenbatu duten kopuru baxuena da: bost izan ziren asteazkenean, beste bost asteartean, eta sei astelehenean.

Positibotasun tasak ere nabarmen egin du behera. Atzoko datuak kontuan hartuta, 360,50ekoa da intzidentzia tasa herrian; duela astebete, ordea, 442,04koa zen. Hala, aurreko ostiralean bezala, eremu laranjan dago Zarautz.

Urola Kostako herrietan, orotara, hamasei kasu izan ziren atzo, bezperan izandako kopuru bera. Bitxikeria moduan, aipatu pandemia hasi zenetik lehen kasua detektatu dutela Beizaman. 

Sei positiborekin Azpeitia da kasu gehien izan duen herria eskualdean. Datu hauen ondoren, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu positiboen tasa 431,75ean dago, eta laranja kolorearekin jarraitzen du semaforo bitxi honetan. Kilometro gutxira, Azkoitian, bi kasu zenbatu dituzte, eta gorriz margotuta jarraitzen badu ere, intzidentzia tasa 500etik jaistetik hurbil dago: 508,8ko tasa da atzoko datuen ondoren.

Getarian bi kasu baieztatu zituzten atzo, eta pandemia hasi zenetik lehendabizikoz kasu bat izan dute Beizaman. Aian, Orion eta Zumaian ez dute positiborik izan, ez eta Aizarnazabalen, Errezilen eta Zestoan ere.

Hego Euskal Herrian dezente jaitsi da positibo kopurua: bezperan izandako 743tik 602ra jaitsi da positibo eman duten pertsonen kopurua. 

Ospitaleratutakoi dagokionez, beti ere Osakidetzako datuen arabera, beste 40 lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta 335 lagun zeuden osasun zerbitzu honen erietxeetan, plantan; ZIUn, aldiz, 129 ziren ingresatuta zeuden lagunak.