Iñaki Peña: "Dolua ondo eramateak ez du esan nahi ahanztura"

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abe. 7a, 10:00
(Gorka Eizagirre)

Mendian hil. Hirian hil dokumentaleko zuzendari eta gidoilari lanetan murgilduta egon da Iñaki Peña Zarauzko bizilaguna azken hilabeteetan. Ofizioz medikua den arren, hirugarren ikus-entzunezkoa egin du bilbotarrak. Heriotza eta dolua izan ditu berriro ere hizpide, baina, oraingoan, mendiari lotuta hausnartu du gaiaz. Atzo estreinatu zuten filma Bilboko Mendifilm jaialdi ezagunean.

Zer da Mendian hil. Hirian hil, eta nondik dator ideia?

Heriotzaren eta doluaren gaia abordatzen duen dokumentala da, mendian kokatua. Trilogia baten hirugarren eta azken filma da. 2013an Aulki hutsak egin genuen, doluari buruzko hausnarketa orokor bat egiten; gaixotasunei buruz, suizidioari buruz, dolu perinatalari buruz... Collage bat zen, testigantza pertsonalak eta apunte profesionalak agertzen ziren. 2017an egin genuen esperimentu eder bat, S(u-a)minetik bakera izenekoa. Dokumentala baino obra eszenikoa da, zati bat grabatuta dago eta zuzenean daude bi narratzaile eta Aitor Mudo musikari moduan. Hor agertzen da dolua, baina indarkeria politikoari lotuta.

Mendian hil. Hirian hil, hirugarrena, collage bat da. Zortzi testigantza batu ditugu eta heriotzaren gaia zentratzen dugu mendian, baina lotura egiten dugu hiriarekin ere. Mendian gertatzen dira heriotzak, baina hemen bizi gara, eta alpinista mendigoizaleenak ere hemen bizi dira. 'Hirian' da esateko modu bat; kalean, herrian... esan nahi du azkenean. Horrekin guztiarekin, lortu dugu zerbait.

Nolatan mendia?

Oso mendizalea naizelako. Nik mendia lotzen dut bizitzarekin. Nire arlo profesionala apur bat delikatua, beti nago harremanetan heriotzarekin, doluarekin, hauskortasunarekin, minbiziarekin... niretzako mendia da arnasa, oxigenoa, natura, animaliak... gauza itzela da. Kontua da lantzean behin bizitzeko leku horrek heriotza ekartzen duela. 

Honen bibliografian liburu oso gomendagarria dago: Mendiminez, Ramon Olasagastirena. Hor agertzen dira hainbat alpinisten heriotzak kontatuta oso modu heterogeneo eta aberatsean. Sentiberatasun eta psikologia handiarekin dago egina. 2007an argitaratu zuen Olasagastik liburua, eta orduan hil zen nire aita minbiziarekin, hirian, bere etxean. Ikaragarri lagungarria izan zen Mendiminez niretzako, eta ordutik banekarren mendiaren eta hiriaren arteko harremanarekin zerbait.

Oroitzapena eta itxaropena uztartzen dituzu filmean. Nola egiten duzu iraganaren eta etorkizunaren arteko lotura hori?

Oroitzapena da dokumentaleko mezu argi horietako bat. Dolua ondo aurrera ateratzeak ez du esan nahi ahanztura. Esan nahi du minik ez egotea, eta hori da helburua. Da lan bat egitea oroitzapen horiek minik ez egiteko, eta posible da. Hori da irakaspena. Ez du esan nahi aurrera egiteak atzean laga behar duzunik pertsona hori, ez ta gutxiagorik ere. Da gogoratzea angustiarik gabe eta oroitzen puntu positibo guztiak, eta pertsona horrek laga dizun guztia.

Itxaropenak esan nahi du, etorkizunera begira, posible dela. Posible dela min horretatik ateratzea eta aurrera jarraitzea zure bizitzan pertsona hori inkorporatuta, ariman edo nahiago duzun moduan. Jarraitzen duzu aurrera pertsona hori barneratu duzulako maitasunetik. Itxaropena da posible dela, ez dugula ahaztu behar; ortzimugan ipintzea zerbait erakargarria dena eta esatea: 'aurrera noa'. Guk esaten duguna da dolua transformazio bat dela, eta ez zara berriro pertsona bera izango, dagoeneko ez zara. Haustura bat egon da, hutsune bat; buelta eman diozu modu batean edo bestean, beste pertsona bat zara eta aurrera jarraitzen duzu.

Zein lantalderekin ibili zara?

Arteman komunikazioarekin egin dut dokumentala, Aretxabaletako komunikazio kooperatiba batekin. Oso pozik nago alderdi teknikoarekin. Nik egin ditut gidoia, zuzendari danak, jende guztia engantxatu eta koordinatu, baina, azken finean, ikus-entzunezkoena ez da nire arloa. 

Protagonistei dagokienez, alde askotakoak daude. Hasteko daude Jorge Nagore kazetari nafarra, Iruñekoa; Euskal Herriko himalayismoaren bi mito, Juanjo Sansebastian eta Felipe Uriarte; Andoni Ormazabal, Cho Oyu mendian hil zen Xabi Ormazabalen anaia. Aretxabaletan duela urte gutxi geratu zen heriotza baten familia ere agertzen da. Hogeita gutxi urteko Mikel Krespo Balaitus menditik jaisten hil zen, eta Aretxabaletan dolu kolektibo oso handia izan zen. Bere gurasoak eta arreba agertzen dira, eta hori izan zen grabaketarik hunkigarriena. Horrelako familia bat ikustea da modu bat esateko posible dela, baita horrelako tragedia handi bat gertatu eta gero ere. Benetako itxaropena emateko sekulako bultzada ematen dute.

Zertzelada profesional horiek emateko Izaskun Andonegi agertzen da, doluan aditua dena, eta arima eta presentzia handia ematen dio dokumentalari. Nire hiru lankide  ere agertzen dira: Zarauzko Felix Zubia intentsibista eta Zarauzko bizilagun Susana Llavina etxeko ospitalizazioko medikua.

Testigantzen artean bada Urola Kostako beste familia bat ere: Aizarnako Arantxa Gurrutxaga eta Pello Arrue, Beñat Arrueren gurasoak. Beñat beste lau lagunekin batera hil zen Pumoriko espedizio batean. Dokumental bat egin zuten horretaz iaz, Pumori, mendiaren alaba izenekoa. Hor agertzen da Zuku Maia izeneko neska bat, Nepalgoa, Aizarnan bizi dena orain. Arrue hil zenean gurasoak joan ziren Nepalera eta topatu zuten argazki bat, Beñat agertzen zena bertako neskato batekin. Neska hori topatu zuten eta jakin zuten gaixorik zegoela. Orduan, Euskal Herrira ekarri zuten bere bizitza salbatzeko. Itzuli zen, baina giltzurrunetan zerbait gertatu zitzaion eta bizirik jarraitzeko behar zuen dialisia. Orduan, erabaki zuten berriro ekartzea, eta ordutik hemen dago.

Barrenetik ateratzen zaizu heriotzaren gaia mahaigaineratu beharra.

Aldarrikatu nahi dut, bai. Zarautzen bestelako saltsa batzuk ere egiten ditugu horren harira. Plazaratze ada asmoa. Begira zer gertatu den 2020 honetan; pertsona batzuk jakin dute zer den hauskortasuna. Zer den ondo egotea eta hurrengo egunean ZIU batean egotea, edo zure aita, edo zure bikotekidea. Orain modu nahikoa brutalean, hilabete hauetan jende asko konturatu da horretaz. Gero agian ahaztuko da, baina pertsona batzuk seguru ez direla horren azkar ahaztuko.

Mendian dagoen hauskortasun hori da jende askok orain ikusi duena. Ez zaizkit paralelismo belikoak gustatzen, baina bai ari da izaten gerra txiki bat nolabait. Orduan, aldarrikatu eta esan behar da hobeto bizitzeko eta bizitzari zuku gehiago ateratzeko, kontziente izan behar garela heriotzaz. Nik, batez ere nire aita hil zenetik, oso irakaspen argia eduki dut.

Uste duzu ez garela kontziente?

Ez. 2013tik hona, zazpi urteko tarte honetan egin ditugu foro asko, jende asko etorri da, ikaragarria da eta badago beharra, hori hor dago. Baina asko kostatzen zaigu gizonezkooi. Proiekzio eta hitzaldietara ez dira etortzen, eta Mendian hil. Hirian hilen sartzen gara mundu maskulino horretan. Oso maskulinoa da mendiaren mundua, beste hainbat bezala. Orduan, ea. Zainketekin ere ikusten da. Ikusten duzunean gizonezko bat zaintzaile moduan fundamentuarekin, atentzioa ematen dizu, hori esaten dizut mediku moduan. Eta sarritan berbalizatzen dut, eta esaten dut pozten naizela. Ez da ohikoa.

Non egongo da ikusgai filma?

Momentuz, Mendifilm jaialdian Bilbon. Igandean eskaini genuen lehenengoz eta abenduaren 12an izango da hurrengo saioa. Suposatzen da mugikortasuna libreagoa izango dela ordurako, beraz, eskualdetik joateko aukera egongo da. Gero suposatzen da Debagoienean jo eta fuego ibiliko garela. Gauzek segitzen badute erritmo honetan, hobetzen, suposatzen da udaberria oso bestelakoa izango dela, eta Menditour egin ahalko dela. Hor mugituko gara herriz herri, baita zirkuitu horretatik kanpo ere. 

Ni behintzat prest nago datorren urtean toki batetik bestera ibiltzeko. Uste dut ondo dagoela gauzak antolatzea eta jendea apur bat ateratzea burbuila triste honetatik, zeren niretzako oso tristea da orain dagoena.