Hamabost kasu positibo berri baieztatu dituzte asteburuan Zarautzen

Andoni Elduaien 2020ko abe. 7a, 13:40

Eremu laranjan jarraitzen du Zarautzek, 326,17ko positibotasun tasarekin. Osasun Sailak zazpi kasu zenbatu zituen ostiralean, eta launa larunbatean eta atzo.

Zarautzen beste hamabost positibo baieztatu ditu asteburuan Osasun Sailak. Hain zuzen, zazpi kasu atzeman zituen ostiralean, lau larunbatean, eta beste lau atzo, igandea. 326,17koa da positibotasun tasa herrian, eta eremu laranjan jarraitzen du hala Zarautzek.

Urola Kosta eskualdean, guztira, 35 kasu berri detektatu dituzte ostiraletik igandera bitartean. Hala eta guztiz ere, herri guztietan behera egiten jarraitzen du intzidentzia tasak. Kasurik gehien zenbatu dituzten herriak izan dira Zarautz eta Azpeitia. Azpeitian 11 kasu izan dira; bost hauteman zituzten ostiralean, lau zapatuan eta bi atzo. 405,18koa da intzidentzia tasa herri horretan.

Bi herri horien ondoren, Azkoitia izan da hiru positiborekin kasu gehien eman dituen hurrengo herria. Azkoitia zen eskualdean 5.000 biztanletik gorako herrien artean eremu gorrian zegoen bakarra, eta asteburuko datuen ondoren, eremu laranjara pasatu da; 367koa da orain Azkoitian intzidentzia tasa.

Getarian eta Zumaian, berriz, bina kasu zenbatu dituzte; herri bakoitzean bana baieztatu zuten ostiralean eta larunbatean. Zumaiako intzidentzia tasa, gainera, eremu laranjatik berdera pasatzear da. 60 puntutik beherakoa izan behar du tasak eremu berdera pasatzeko, eta gaur-gaurkoz 91,60koa da zenbatekoa Zumaian. Aian, bestalde, larunbatean hauteman zuten azken hiru egunetako kasu bakarra. Gainerako herri guztietan, aldiz, ez dute kasu bakar bat ere baieztatu.

Hego Euskal Herriko egoera

Hego Euskal Herrian, bestalde, 399 kasu positibo zenbatu zituzten atzo, igandea. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5.223 test egin zituzten, eta horietatik, 315 izan ziren positibo emandakoak. Lurraldeka aztertuta, Araban 49 kasu baieztatu zituzten, 156 Bizkaian eta 106 Gipuzkoan; hala eta guztiz ere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste lau lagunek ere eman zuten positibo. Nafarroan, berriz, 1.077 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 84k eman zuten positibo.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hogei lagun ospitaleratu zituzten atzo, Osasun Sailaren arabera “COVID-19a” dutelakoan. Guztira 326 pertsona daude hiru lurralde horietako erietxeetan ospitaleratuta; Zainketa Intentsiboen Unitatean ospitaleratuta, bestalde, 131 pertsona daude, gaur-gaurkoz. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, 0,90ekoa da hiru lurralde horietan. Gipuzkoak du indize horren tasa baxuena; 0,83koa da lurralde horretan.