Miren Osa: "Sentitu eta azaldu arren, protestarik egiten ez baduzu, inor ez da jabetzen"

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 8a, 16:47

(Dorleta Agiriano Lai)

Miren Osak 40 urtetik gora egin zituen Mondragones tabernan lanean. Bizitza oso bat lanari eta, barraren barruan nahiz kanpoan, borrokari emana. Burgosko prozesuaren 50. urteurrenean, gogoan ditu oraindik epaiketaren hasiera eguna, protesta modura egindako greba eta, horren ostean, guardia zibilek taberna itxi ziotenekoa.

1970eko abenduaren 3an hasi zen Burgosko prozesua: ETAko hamasei kide epaitu zituen auzitegi militar batek, tartean, Arantxa Arruti zarauztarra. Zein erantzun izan zen Zarautzen?

Greba eguna izan zen epaiketaren hasieran, eta Zarautzen ere bat egin genuen protestarekin: Zarautz osoa gelditu zen. Nik Musika Plazako Mondragonesen egiten nuen lan, eta aurretik jakinarazi ziguten taberna guztietan itxiko genituela ateak arratsaldeko 16:00etan, prozesuaren aurka protesta egiteko. Goizean, tailerretan egin zuten greba.

Zuk ere egin zenuen protesta?

Bai, nola ez genuen ba egingo! Ezagutu ditudan protestarik handienak izan ziren prozesuaren aurka. Gainera, oso lagun maitea nuen eta dut Arantxa. Burgosen zegoen bera, garbituko ote zuten edo ez. Barru-barruan sentitzen genuen prozesu ikaragarri hori eta gertatzen ari zen guztia, baina sentitu eta azaldu arren, protestarik egiten ez baduzu, inor ez da jabetzen. Guk, orduan, greba egin genuen.

Mendekua hartu zuten gero, ordea, Txiki eta Otaegi hil egin baitzituzten. Eta hori ere barruan daramakigu. Orduan ere manifestazio jendetsuak izan ziren, baita Zarautzen ere. Nik uste dut jaiotzatik daramadala barruan ezkerreko bide hori.

Nola gogoratzen duzu egun hori? Eta ondorengoak?

Oroitzen dut taberna beteta nuela egun horretan. 15:00etan esan nien bezeroei lokala itxiko nuela 16:00etan, eta bukatzen hasteko. Barran, gizonezko batek esan zidan, harrituta: "Zer, itxi egingo duzu ala?" Eta nik esan nion: "Noski, zu goizean irten zara fabrikan protesta egitera. Ba tabernariok ere nahi dugu protesta egin. Eta itxi egingo dugu 16:00etan". "Ondo iruditzen zait", erantzun zidan. Alde egin zuen, eta intuizioz edo, norbaiti eskatu nion gizon hari jarraitzeko. Nora zihoan jakin nahi nuen: kuartelera joan zen zuzenean.

Handik bi egunera deitu zidaten Zarauzko kuarteletik, bertaratzeko eskatuz. Joan nintzen, eta esan zidaten guardia zibilek: "Badakizu itxita duzula taberna hiru hilabeterako?". Paralizatuta gelditu nintzen, zergatia galdetu nien eta esan zidaten jakinaraziko zidatela guardia zibilek. Ospa egin nuen, eta esan nion senarrari: "Beno, ba oporrak izango ditugu hiru hilabetez". Biok joan ginen tabernara gero, eta atarian zeuden bi guardia zibil. Esan zidaten: "Ezta pentsatu ere taberna irekitzea, eh. Taberna itxita duzue hiru hilabeterako. Erreklamazioa egin nahi baduzue, idatziz egin". Eta alde egin zuten.

Orduan bururatu zitzaigun tabernako sukaldean obra egiteko aprobetxatzea, eta lau hilabete pasatu genituen horretan azkenean. Ireki genuenean, goraino betetzen hasi zen taberna. Plazan egoten ziren poliziak, jendea tabernara nola sartzen zen begira. Jendeak bazekien zer egin ziguten: zigortu egin gintuzten greba egunean taberna ixteagatik. Greba eguna izan zen abenduaren 3a, haiei amorrua emango zien horrek, eta guri egokitu zitzaigun zigorraren loteria, salatariengatik.

Tabernan esandakoen berri ematen zuten bezeroak ere izaten zenituzten tabernan, beraz.

Orain berriketan ari naizen bezala, tabernan ere jarduten nuen. Esan egiten nituen gauzak, eta altu esaten nituenez, guztiek entzuten ninduten, baita haien aurka hitz egiten nuenean ere. Eta tabernan salatariak ere egoten zirenez, beti izaten genituen gainean.

Behin atxilo eraman gintuzten nire 15 urteko semea, senarra eta hirurok, Donostiako kuartelera. Garai hartan lau neska gazte izaten genituen zelatan tabernan, eta haietako bat ikusi nuen han, guardia zibilen artean, idazten. Kuartelean esan zidaten: "Zu zara esaten duena beti ateratzen direla arma berdinen argazkiak egunkarietan?". Izan ere, ni konturatuta nengoen, ETAren ekintzaren bat egoten zenean eta ustez erabilitako armen argazkia argitaratzen zutenean egunkarietan, argazki berdina izaten zela beti. Eta hori ere komentatu nuen tabernan, noski.

Baietz erantzun nien, hori esan nuela, baina tabernako komentario bat izan zela. Ez zidan erantzun. Ondoan, militar bat nuen niri begira, eta ni han, nire aterkiari helduta, barrenari eusten. Lau egunez izan gintuzten atxilo, eta galdetu ziguten ea ETAko komandoren bat edo ezagutzen genuen.

Urte horietan askotan sentitu nuen kakalarria, beldurra, belaunak dardarka izateraino. Baina gorputza sendo izan beharra duzu beti, zure tokian mantendu behar zara. Haien aurrean zaudenean, hala egon behar duzu.

Zein da zure tabernari ibilbidean oroitzen duzun unerik gogorrena?

Oroitzen dut aste batean, ostegunetik ostiralera bitartean, ETAko kide bat hil zutela. Ostiralean greba egin genuen, tabernak itxita. Larunbatetik igandera bitartean hil zuten guardia zibil bat, baina guk ez genituen tabernak itxi orduan. Zarautzen izan zen guardia zibilaren hileta igande horretan, eta guardia zibilak haserre irten ziren kalera.

Guardia zibilez bete zen Zarautz, baita gure taberna ere. Halako batean, haien kapitaina plazako kioskora igo zen, txilibitua jo zuen, eta otsoak bezala zabaldu ziren guztiak. Gure tabernan sartu ziren guardia zibiletako bi, eta hainbat pertsona zeuden ezkutatuta barruan, baina itzalita genituen argiak. Bat-batean bi mutil iritsi ziren plazara, Euromarretik edo, mozkor-mozkor eta besotik helduta. Zer gertatzen ari zen galdetu zieten guardia zibilei, eta mutiletako bat pilotakada batez jo zuen buruan polizia batek. Lurrera erori zen gaztea, eta besteari esan zion: "Eraman ezazu hau hemendik, edo akabatu egingo zaitut". Eta nik jakin banekien zergatik zeuden haserre guardia zibilak: igandean ez genuelako taberna itxi eta protestarik egin.

Zure ustez, zuen erantzunen aurrean ere izaten zen erantzunik, orduan.

Haiek beti jakin izan dute nola eman mina, eta guri ere min asko eman digute. Esaterako, bost aldiz atxilotu zuten nire semea, eta gogoratzen dut senarra ere kuartelera eraman zutela iluntze batean, arrazoirik gabe. Gero, gau osoa izan nituen telefonoz deika; ea tabakoa zein preziotan nuen tabernan eta antzekoak galdetu zizkidaten etengabe.

Behin bonba bat ere jarri ziguten tabernan, eta txikituta geratu zen guztiz, baita plazako kristal guztiak ere. Nik uste dut gu izorratzeko egin zutela, jakina.

Nik 44 urte egin nituen borrokan zentzu guztietan, bai lanean, bai gainontzean. Horregatik izaten nituen zelatan eta zirikatzen poliziak. Zehazki guri ordainarazi eta egin zizkigutenak ezagutzen zituen jendeak, eta erantzuten zuen horren aurrean ere. Guztiok dakigulako zer den sufrimendu hori. Zu herriarekin baldin bazaude, herriak ez zaitu salduko. Nik beti sentitu dut maite nautela, eta nik ere maite dut urte hauetan guztietan inguruan izan dudan jendea. Horregatik, ezin duzu zure burua saldu, ezin duzu diruaren truke kolaboratu behar ez denekin kolaboratu eta zure bizitza galdu. Maitasuna dagoen lekuan diruak ez du balio, eta maitasuna garrantzitsua da elkarri lagundu ahal izateko.