"Tabernak irekita mantentzea ostalarion zein bezeroen esku dago"

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abe. 10a, 13:27

Atzo iragarritako neurri berrien aurrean baikorra da Martin Argiñano Zurekin Ostalarien Elkarteko presidentea. Arnas apur bat emango die zabaltzeko aukerak hainbat ostalariri, baina ezarritako baldintzak estuegiak dira askorentzat.

Eusko Jaurlaritzak ostalaritzari buruz hartutako neurriekin gustura agertu da Martin Argiñano Zurekin Ostalarien Elkarteko presidentea. "Letra txikiari begiratu behar zaio, baina baldintza hauekin zabaldu ahal izango dugu askok. Gaueko aisialdia eskaintzen duten establezimenduek, horiek bai, itxaron egin beharko dute apur bat". Terrazak zabaltzen uztea espero bazuen ere, sorpresaz harrapatu zuen tabernen barruan ere zerbitzua eskaini ahal izateko baimenak. "Gehien-gehienez %30eko edukiera utziko zutela uste nuen", zehaztu du. Larunbatetik aurrera, ordea, terrazan eta barruko edukieraren erdian eskaini ahalko du zerbitzua; barran salbu.

Ostalariek elkarrekin dituzten Whatsapp taldeak sutan zeuden atzo Iñigo Urkullu lehendakaria neurri berriak iragartzen ari zen bitartean. Argiñano gustura dagoen arren, ostalari askok kezkaz bizi dute oraindik egoera. Besteak beste, terrazetan-eta bezeroek izango duten jokabideak kezkatzen ditu. "Lehen taberna bateko terrazan jarri eta aurreneko gauza maskara kentzea izaten zen. Ematen zuen birusik ez zegoela hor. Orain, argi eta garbi eskatu behar diegu bezeroei maskarak beti jantzita egon behar duela, ez bada kontsumitzeko momentua. Hori ondo egin behar dugu, aukera bat eman diotelako gure sektoreari". Kezkak kezka, zarauztarrak "kontzientziatuta" daudela uste du ostalariak. "Jendeak errespetatuko du. Ikusi du zeinen gaizki pasatu dezakegun. Hirugarren olatua etortzen bada, askorentzat itxiera behin betikoa litzateke, eta hori ekiditeko ondo egin behar ditugu gauzak. Tabernak zabalik mantentzea denon esku dago; ez gure esku bakarrik, bezeroen esku ere bai".

Beste taberna askorentzat, berriz, baimendutakoa ez da nahikoa negozioa aurrera ateratzeko. "Urteko garai honetan terrazak ez du askorako ematen. Barrualdea txikia baldin baduzu... Pentsa barruan sei mahai dituzula, eta barra. Hiru mahairekin negozio bat bideragarria al da? Horrelako negozio txiki asko daude, ea horiek zer egiten duten", adierazi du elkarteko presidenteak. Jatetxea, taberna eta hotela ditu Argiñanok, eta zerbitzua egokitu egingo du baldintzetara: "Nik ez dut jatetxea irekiko, eta dena taberna bezala jarriko dut, orduan, mahai dezente geratuko zaizkit barruan, eta bideragarria izango da".