Felix Borda: "Hamabi langilerekin itxi genuen, eta bostekin zabaldu"

Onintza Lete Arrieta 2020ko abe. 12a, 18:17
Felix Borda, gaur goizean Euskalduna tabernako barraren atzealdean (Onintza Lete Arrieta)

Bost aste pasa dira taberna eta jatetxeak ixteko agindua indarrean sartu zenetik. Ordutik etxerako zerbitzua eskaini izan dute batzuek, baina erabat itxita eduki dute beste askok. Horietako bat da Euskalduna taberna. Felix Borda arduradunarekin hizketan aritu da ZARAUZKO HITZA.

"Balorazioa? Oso izorratuta gaude". Halaxe mintzatu da gaur eguerdian Euskalduna tabernako Felix Borda egoeraz galdetuta. "Ez dakigu zer gertatuko den, baina nik berriz ere itxita ikusten dut guztia hemendik hilabete edo bira. Asko igoko dira berriz ere kasuak, eta itxi egin beharko dugu, eta kontu honi bueltaka jarraitu beharko dugu", iritzi dio. "Negozioari begira, nahiago nukeen itxita mantendu, baina zarauztarrei begira, nahiago dut irekita egotea". Bost astez itxita egon dira ostalaritza establezimenduak Eusko Jaurlaritzak hala aginduta, baina gaurtik aurrera berriz martxan dira, hainbat neurri hartuta.

Dena den, "animatuta" dagoela esan du. "Hori da galdu behar den azkena". Gainera, uste du ez dela asko falta. "Eutsi egin beharko diogu nola-hala. Ez da asko falta eta". Txertoan dauka jarrita esperantza; "esperantza bakarra da", azpimarratu du Euskaldunako arduradunak.

Laguntzei dagokienez, "oraindik batere ez" dutela jaso salatu du. Ez azken asteetako egoeragatik, ez aurreneko olatukoagatik. "Batzuei uraren zerga kendu zieten, beste batzuei terrazarena... Baina tira, gure kasuan 300 euro dira terrazagatik ordaintzen genuena, beraz... Hori bai, maskara bat eta gel hidroalkoholiko pote bat eman zizkiguten", esan du ironikoki. "Orain egin dugu beste bilera saio bat udalarekin, eta badirudi laguntzeko prestutasun gehiago daukatela. Pentsatzen dut hil honetan 800-1.000 euro inguru emango dizkigutela, eta aldundia falta da, aurrekoan ez zuelako ezer eman baina oraingoan bai. Dena den, laguntzek ez dute askotarako balio. Eta irekita 10.000 edo 15.000 euro galtzen baditut, itxita 6.000 galtzen ditut. Alegia, gutxiago galtzen dut itxita, zabalduta baino".

Orain arte ez dute etxerako zerbitzurik eskaini, ezta kaferik ere, eta langile guztiak egon dira aldi baterako lana erregulatzeko espedientearekin. "Hamalau-hamabost langile gara, baina bost bakarrik hasi gara gaur. Kontua mugitzen hasten bada gehiago hasiko dira, baina ikusi egin behar. Oraingoz, muga 20:00etan jarrita, ez du denborarik ematen ezertarako". Hemendik aurrera, afariak ematea aztertzen ari da Borda. "Sukaldari mexikarra daukagu, eta nahi dugu janari mexikarra prestatu eta eramateko eskaintzea. Ea horrekin zerbait lortzen dugun".