Asteleheneko datuen zain

Onintza Lete Arrieta 2020ko abe. 13a, 14:21

Orain astebeteko datuekin alderatuta, okerrera egin du pandemiak, baina atzoko datuak herenegungoak baino hobeak dira. Zenbaki dantza horretan, bihar arte itxaron beharko da jakiteko herri bakoitzean gora ala behera egin duten kasu berriek. Zarautzen ostiralera arte 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 296,12 zen, 500eko marra gorritik nahikoa behera. Garrantzitsua da hori, horren arabera baitago ostalaritza establezimenduek irekita jarraitu ahal izatea.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan positibotasun tasa puntu bat baino gehiago jaitsi da herenegungo datuekin alderatuta, %7,2tik %6ra. Nafarroan, berriz, pixka bat igo egin da: %4,8tik %5,2ra. Atzo ospitaleratutakoen kopurua ere erdira jaitsi zen aurreko egunarekin alderatuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta orain astebeteko zenbakietara gerturatu da. Bi datu horiek baikorrak diren arren, egun batetik bestera zenbakietan gertatzen ari diren dantzaren adierazgarri ere badira hein batean.

Bihar, astelehena, jakingo da garrantzitsuena: herriz herri kasu berriak agertu diren ala ez, eta zenbat. Horrekin batera, Osakidetzak jakinaraziko du 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua zenbatekoa den herriz herri. Izan ere, atzo goizean indarrean sartu ziren neurri berriak ezingo dira aplikatu indizea 500etik gorakoa bada, herriak 5.000 biztanle baino gehiago dituenean. Alegia, indize horrek markatuko du ostalaritzak irekita jarrai dezakeen ala ez.

Urola Kostari dagokionez, 500etik gora, eta baita oso gora ere, egon dira herri asko aurreko hilabeteetan, baina orain 400en bueltan dago okerren dagoen herria. Osasun Sailak herenegun, ostirala, emandako datuen arabera, Azpeitiak 438,39eko indizea zeukan, eta gainerakoak hortik oso behera zeuden. Zarautzek berak, esaterako, 296,12ko indizea zeukan duela hiru egun.

Atzoko datuetara etorrita, 7.695 antigeno eta PCR proba egin zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan (bezperan 8.783), eta 464 izan ziren positiboak: 96 Araban, 216 Bizkaian eta 149 Gipuzkoan –horiei beste erkidego batzuetako 3 kasu gehitu behar zaizkie–. Nafarroan, 1.778 proba egin ziren atzo (ostiralean 2.071), eta 93k eman zuten positibo.

Herenegun 636 kasu positibo atzeman zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 100, berriz, Nafarroan.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 32 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ia erdira jaitsi zen atzo ospitaleratuen kopurua aurreko egunarekin alderatuta, eta orain astebeteko zenbakietara bueltatu da. Bestalde, COVIDa duten 116 pertsona Zainketa Intentsiboen Unitatean daude Osasun Sailak atzo emandako datuen arabera –gaur astebete 131 zeuden ZIUn ingresatuta–.