Zarautz Abesbatzak Eguberri mezan parte hartuko du

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abe. 16a, 09:30

Ez dute ohiko Gabon Kontzerturik eskainiko, baina Eguberri Eguneko mezan eskainiko dute kantaldia, Joxe Iturria organo-jotzailearen laguntzaz.

Egoerak hala behartuta, aurten ezin izango du Gabon Kontzerturik eman Zarautz Abesbatzak. Abenduaren 25ean, Eguberri Egunean, ordea, parte hartuko du Frantziskotarren elizan eskainiko den Eguberri mezan. 12:30ean hasiko da elizkizuna, eta jakinarazi dute babes neurriak ongi errespetatuko direla. "2020 triste honi agur esango dio Abesbatzak desira honekin: 'Oa egun beltza, ator, egueldi!' Hala izan dadila!", jakitera eman dute. 

Joxe Iturria organo-jotzailearen laguntzaz, ondorengo kantu sorta abestuko dute: Bartolome Ercillaren Mesias Sarritan, Victoriano Balerdiren Anuntio Vobis, (duela 150 urte Amezketan jaioa), Lorenzo Ondarraren Aleluia zatia, Birjina Maite kantu herrikoia, Alberto Mitxelenaren Gabaren erdian, Salustiano Balzak moldatutako Nöel, Joxe Iturriaren Amen zatia, Adolf Adamen Cantique de Nöel eta, amaitzeko, G.F. Händel handiaren Alleluia