Txapelketa herrikoien faltan, lehiatu ezinik daude kirolari asko

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abe. 16a, 10:28

(Arnaitz Rubio Aprea)

Federatu gabe dauden kirolariek ez dute taldean entrenatzeko aukerarik. Korrikalarien kasuan, entrenatzeko bultzada nagusia galdu dute askok: lehia.

Arlo oro bezala, kirol jarduna ere izugarri mugatu da 2020an, pandemiak eraginda. Unean uneko arauak jarraitzea ez da beti erraza, ordea. Bakarkako kirola maskararik gabe egin daitekeen, federatuta daudenek entrenatzekonolako neurriak hartu behar dituzten… Halakoak argitu ditu Zumaiako Kirol Patronatuko Antxon Alberdik.

Hasteko, azaldu du kirola bakarka edo familia-unitateko pertsonekin edonork egin dezakeela, libreki, federatuta egon ala ez. Kalean edo jende gehiago dagoen espazio itxietan, maskara erabili behar da jardueran zehar, baina dekretuak zehazten du “intentsitate handiko uneetan” kendu daitekeela. “Hori nahasgarria da, pertsonaren arabera desberdina delako intentsitate handia, baina besterik ez du zehazten dekretuak”, azaldu du Alberdik. Kirola taldean egin ahal izateko, federatuta egon behar da eta gehienez ere sei lagun elkartu daitezke. “Alegia, eskubaloi talde batean hemezortzi pertsona badaude, seiko taldeetan banatueta beraien artean soilik izan dezakete kontaktua”, zehaztu du. Lehiari dagokionez, une honetan profesional edo erdi profesionalak diren taldeek soilik parte hartu dezakete txapelketa ofizialetan (ezin da bestelako txapelketarik  antolatu). Absolutuen kategoriatik beherako inork, beraz, ezingo du lehiatu egungo neurriak indarrean diren artean.

Lasterketarik ez

Udazkenean eta negu partean hamaika herri lasterketa antolatu ohi dira, eta korrikalari profesional zein afizionatuek parte hartu ohi dute horietan. Kirola indibiduala bada ere, proba horietan talde handiak elkartu ohi dira. Eskualdean, besteak beste, entzutetsuak dira Azpeitia-Azkoitia maratoi erdia, Zarauzko Kros Mistoa edo Flysch Trail lasterketa.

Duela lau urte antolatu zen lehen aldiz Euskal Kosta Krosa maratoi erdia, eta beste guztiak bezala, bertan behera uztea erabaki dute hori ere. Alberdik azaldu du Getariako, Zarauzko eta Zumaiako kirol teknikariak bat etorri zirela erabakiarekin. Hala azaldu du Kirol Patronatuko gerenteak: “Dena ondo ateratzen bada jende asko biltzen da, eta ez da horretarako momentua. Gainera, jendea entrenatu gabe dago eta ez dauka animorik probetan parte hartzeko”.