Koba barne diseinuen dendak irabazi du erakusleiho lehiaketa

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abe. 16a, 15:06

Beste urteetan parte hartzaile gehiago joan ohi dira sari banaketara, baina egoera dela eta, saridunak bakarrik bertaratu dira gaur. (Amaia Urbieta Arruti)

Parte hartu duten lehen urtean, Bizarzuriren trineoa modu dotorean irudikatu eta lehen saria poltsikoratu dute Koba dendakoek. Frantzesena sarraila dendarentzat izan da bigarren saria eta, publikoaren saria, berriz, Laspiurrentzat.

38. aldiz antolatu dute udalak eta Murkil herriko denda eta merkatarien elkarteak Gabonetako erakusleiho lehiaketa. Gaur bertan banatu dituzte sariak udaletxeko udalbatzar aretoan, eta saridunez gain, bertan izan dira Xabier Txurruka alkatea, Ixidor Larrañaga Turismo zinegotzia eta Amaia Balsera Murkileko ordezkaria. Alkateak eskerrak eman dizkie lehiaketan parte hartu duten dendari guztiei, "gure eskaparateak ilusioz piztu" dituztelako. Horrez gain, zarauztarrei gonbita luzatu die herrian kontsumitu dezaten. 

Aurtengo epaimahaiak ebatzi du Koba barne diseinuen dendarena dela erakusleihorik apainena, eta hari eman diote lehen saria. Kobakoek lehen aldiz hartu dute parte aurten lehiaketan, eta aulki zuri batzuekin Bizarzuriren trineoa irudikatu dute. Gustura jaso dute saria Esti Azkuek eta Patricia Alvarezek. 

Azkue etea Alvarez saria esku artean dutela, erakusleihoan. (Amaia Urbieta Arruti)


Bigarren saria Frantzesena sarraila dendarentzat izan da. Hiru Erregeen koroak eta sarrailekin lotutako hainbat elementu konbinatu dituzte, modu dotorean. 

Francesena serraila dendako erakusleihoa, Olatarreta kalean. (Amaia Urbieta Arruti)

 

Facebook bidez herritarren boto gehien jaso dituen erakusleihoa, berriz, Laspiurrena izan da. Gizonezkoen jantzigintzaz arduratzen den dendak Hiru Erregeen jantziak atera ditu erakusleihora, koroa eta guzti. Horrez gain, korbatekin Gabonetako zuhaitz bat atondu dute. 

Lehen bi saridunak erabakitzeaz arduratu den epaimahaia honako hauek osatu dute aurtengoan: Ixidor Larrañaga Turismo zinegotzia, Jonathan Gutierrez udaleko Garapen Ekonomikoko teknikaria, Karmen Agirretxe Artezealeakeko ordezkaria, Miren Prieto Murkileko ordezkaria eta Amaia Larrañaga Transit dendakoa (iazko irabazlea).