Neguko lan isilak

Aitor Manterola/Berria 2020ko abe. 17a, 08:09

Enbata, Kontxan.

Asier Puertas oriotarra da Zarauzko traineruko entrenatzaile berria. Lan horretan hasi berritan, harekin izan da Aitor Manterola Berria-ko kazetaria. "Udakoaren oinarri" den neguko prestakuntza izan dute hizpide, batez ere.

Negu usaina dago Zarauzko Arraun Elkarteak Aian duen instalazioetan. Koloreak ere neguko traza hartuta daude. Ilunak. Traineruak teilatutik gertuago daude zorutik baino. Zintzilik eta isilik. Arraunak bazter batean, ia-ia hautsa hartuta. Tokitan dute udako distira. Urtaro horretako alaitasunik eta pozik ere ez da arraunlarien artean. Neguaren berezko bisaje beltza nabari zaie.

Sarrera eta materialaren biltegia dena bat dira. Gorago daukate zarauztarrek gimnasioa. Han ari dira pisua altxatuz, burdin hotsaren kink eta kank soinua zabalduz dozena erdi bat arraunlari. Goi-goiko solairuan dabiltza. Ergometroen gela beheraxeagokoan dago, eta hor beste arraunlari bat ari da. Haren bakardadean, makinaren txirrist hotsarekin gorputza aurrera eta atzera mugituz. Arraunean, baina lehorrean. Uraren gainean eta tostaren gainean egon beharrean, makinaren eserlekuan jarrita. Baina ez eserita.

Eskailerak gora egin du Asier Puertasek (Orio, Gipuzkoa, 1975). Hura da Zarauzko entrenatzaile berria. Pisua altxatzen ari diren arraunlariengana heldu, agurtu, eta egiten ari diren lanari buruzko galderak egin dizkie. Erantzunak entzun ditu. Arraunlarietako bati aholku bat eman ere bai: «Besoekin pixua gora altxatzean, hor egin indarra». Erdiko solairuan ere egin du geldialdia, beheranzkoan. Solasalditxoa ergometroan ari den arraunlariarekin, lanaren bueltan. Hortik sarrerara jaitsi da, traineruen albora. Buruz behera daude, atseden hartzen bezala. Ohi baino luzeagoa dute aurtengo lan eza. Pandemia. Atzo jaso zuten uretara ateratzeko baimena Eusko Label eta Euskotren ligetako taldeek.

Artikulua osorik irakurtzeko, sartu Berria-n