Neurri berriak hartu dituzte Aritzbatalde kiroldegian

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 17a, 08:20

Hona hemen Aritzbatalden martxan diren neurri berrien inguruko hainbat argipen.

Indarrean dira Eusko Jaurlaritzak aurreko asteazkenean iragarritako neurri berriak, eta orain esku artean duten 44/2020 dekretua abenduaren 10ean, osteguna, argitaratu zuten Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean. Beraz, hainbat aldaketa izan dira azaroaren 6ko 38/2020 dekretuan, eta horrek eragina izango du Aritzbatalde kiroldegiko instalazioetan ere.

Hona hemen Aritzbatalden martxan diren neurrien hainbat argipen, puntuz puntu:

Edukiera: kiroldegiko aforo taula, hemen

Ikastaroak: 44/2020 dekretuaren 14.1 artikuluaren arabera, programatutako ikastaroak edo kirol jarduerak egin daitezke, sei laguneko taldeetan gehienez, eta espazio horretako edukiera gutxienez %40era mugatuta badago. Hortaz, mantendu egingo dira Aritzbataldeko ikastaroak, baina ordoko neurriak ezarri dituzte:

  • Ordutegiak egokitu dituzte.
  • Sei pertsona baino gutxiagoko azpitaldeak sortu dituzte.
  • 3 metroko distantzia mantenduko da azpitaldeen artean.
  • Koadranteen sistemak jarraituko du martxan kiroldegiko aretoetan: 2x2 metroko azalera du koadrante bakoitzak, eta 15 zentimetroko tartea dago koadranteen artean.
  • Koadrante baten erdigunetik hurbilen duen koadrantearen erdigunera, 2,15 metroko distantzia mantenduko dute.
  • Ikastaroetako parte hartzaile bakoitzak koadrante berdina erabiliko du beti.
  • Hiru aretoa izango da spinning aretoa aurrerantzean.
  • Igerilekuko ikastaroei dagokienez, martxan jarraituko dute 6 urtetik beherako haurrentzako saioek baina, momentuz, bertan behera geratu dira 6 eta 14 urte arteko haurrentzako ikastaroak, eskola kirol modura sailkatu baitute. Aquafitness ikastaroa berrartuko dute, igerileku txikian.

Igerilekuak: gehienez hemezortzi pertsona egon daitezke aldi berean igerileku handian, hamazazpi igerileku ertainean eta hemezortzi igerileku txikian. Erreserbatu duen txanda hasi baino 15 minutu lehenago sartu ahal izango du instalaziora erabiltzaileak.

  • Igerileku handiko txandak, hemen
  • Igerileku ertaineko txandak, hemen
  • Igerileku txikiko txandak, hemen

Aldagelei dagokienez, %30eko edukiera izango dute gehienez, eta banaka erabili beharko dira dutxak. Uneoro erabili beharko da musukoa.

Fitness gunea: erreserba txanda bidezko sistemak jarraituko du indarrean, eta igerilekuetan bezala, txanda hasi baino ordu laurden lehenago bertaratu ahal izango dute erabiltzaileek. Banaka baino ezingo da kirola egin fitness gunean, hala jasotzen baitu 44/2020 dekretuaren 14.1 artikuluak. 14.2 artikuluaren arabera, bestalde, musukoa izan beharko da jantzita.

Fitness guneko txandak, hemen

Aldagelak erabili ahal izango dira, %30eko edukierarekin eta dutxak banaka erabilita.

Aireztatze sistema: leihoak zabalik izango dira kiroldegiko areto guztietan eta uneoro egongo da martxan airea berritzeko sistema.

Harrera zerbitzua: aldaketak izan dira ordutegian, fitness eta igerilekuetako txandetara egokitzeko. Astelehenetik ostiralera, 06:30etik 21:00etara eskainiko dute harrera zerbitzua eta, larunbatetan, 08:30etik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara.