Enpatia eta aitortza

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abe. 17a, 09:09

Ainara Ortega, emanaldian. (Loraldia)

Iparragirreren bizitza eta musika oinarri hartuta, ‘Iparragirre, bihotzeko Jose Mari’ kontzertu teatralizatua sortu dute, eta Zarautzen eskainiko dute bihar. Bertako aktore Ainara Ortegak xehetasunen berri eman du. 

Askorentzat da ezaguna Jose Mari Iparragirreren obra, bai behintzat, ikastetxean ikasi ohi diren Ara nun diran eta Gernikako arbola abesti entzutetsuak. Ez dira horrenbeste ezagutzen, ordea, haren ibilerak.  Musikari urretxuarra jaio zela 200 urte betetzen direla aitzaki hartuta, haren lana, ikuspuntua eta bizitza gehiago ezagutarazteko sortu du Iparragirre, bihotzeko Jose Mari kontzertu teatralizatua Fernando Bernuesek, Mireia Gabilondoren laguntzaz. Martxoan hasi zuten bira, eta hainbat hilabeteko geldialdiaren ostean, martxa hartuta dihardute berriro ere. Zarautzen dute hurrengo geltokia finkatuta: bihar Modelo aretoan izango dira, 19:00etan hasita. Sarrerak Internet bidez edo Modeloko leihatilan eros daitezke, zortzi euroan.

Iparragirreren bizitzan garrantzitsu izan ziren emakume batzuek igorritako eskutitzek osatzen dute obraren bizkarrezurra. Emakume horien azalean sartzen dira Ane Gabarain, Joli Pascualena eta Ainara Ortega aktore eta abeslariak, eta saio osoan zehar Angel Unzu izango dute lagun, gitarra jotzen. «Bera da gaur egungo gure Iparragirre», dio Ortegak. Haren abestiak jotzeaz gain, ikuskizunaren trantsizioetan sorkuntza propioak ere eskainiko ditu Unzuk.

Antzerkiaren eta kontzertuaren arteko erdibide hori «formula polita» dela uste du Ortega aktoreak. Gainera, Iparragirreren kantuak «gaurkotuta» oholtzaratu dituzte: «Batek son kubatarra hartu du, beste batek hip hoparen itxura gehiago du...», azaldu du hernaniarrak.

Arantxa Iturbe, Iñigo Legorburu eta Aizpea Goenaga antzerkigileak ere aritu dira emanaldiari ekarpenak egiten, eta haiek sortu dituzte fikziozko eskutitzak, emakume horiek Jose Mariri zer esango lioketen pentsatuta. Tartean daude bere emaztearen, alabaren eta beste hainbat emakumeren pentsakizunak. «Aita musikariaz harro dago alaba, baina ez du ezagutu aitarik. Hor ibili da gitarrarekin, jendea malkotan jartzen omen du, baina gu ere hemen gaude zain, malkotan», aurreratu du hausnarketa Ortegak. 

Emakumeen hitzak plazaratzeak izan dezakeen irakurketaz ere hausnartu du aktoreak. «Horrelako pertsonaia bat matxista dela pentsatu dezakegu, baina asko kostatzen zaigu irudikatzea duela 200 urteko bizimodua. Uste dut testuei oso neurri polita eman dietela. Esaten dizkiote ondo egindakoak, gaizki egindakoak, baina ez zaio ematen gaur egun emango geniokeen karga feminista emozional hori».

Hunkigarria eta beharrezkoa

Iparragirreren kantuak bezalaxe, hunkigarria da emanaldia bera ere, Ortegaren iritziz. «Ez zaio puntarik ateratzen bizizale izateagatik, ez dugu larrutzen eta jendeak bukatzen du Iparragirrerekin enpatia ariketa bat egiten». Gaineratu du mezua dela leporatu izan zaiola urretxuarrari «axolagabea» izatea zenbait arlotan, baina onartu behar dela, hala izan ez balitz, ez lukeela sortuko musika hori guztia. «Onena zinen horretan, eta horixe egin zenuen ondo. Beste guztia, halamoduz», horrela laburbildu du mezua. 

Sentsazioa dauka Ortegak Iparragirreri ez zaiola musikalki bere lekua guztiz aitortzen. «Bi abesti ezagutzen dituzte denek, baina aztertzen hasiz gero, musikalki ikaragarri aberatsa da bere lana, handienen parekoa». Sorozabalen, Guridiren edo Arbizuren pare jarri du urretxuarra. «Gitarra batekin ibiltzen zenez, badirudi hippie bat zela, eta musikalki oso lan mardulak ditu», gaineratu du. Beraz, dagokion lekua aitortzeko formatu dotorean haren lana plazaratzea beharrezkotzat jo du Ortegak.