Sei kasu berri atzeman zituzten atzo

Juan Luis Romatet 2020ko abe. 17a, 14:41

Beste hemeretzi kasu baieztatu ditu Osakidetzak eskualdeko lau herritan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, nabarmen egin du behera positiboen kopuruak.

Ekaitzaren ondoren omen dator barealdia. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, ekaitza baretu da momentuz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, positiboen kopurua nabarmen jaitsi baita. Hori hala izanda ere, zenbakiek kezkagarriak izaten jarraitzen dute, eta hala ondorioztatu daiteke eskualdean izandako datuetan. 

Hemeretzi positibo baieztatu zituen atzo Osakidetzak Urola Kostan. Bezperan baino zazpi kasu gutxiago dira, baina asko hala ere. Zarautzen kasuan, zehazki, bezperan baino positibo bat gehiago zenbatu zuten atzo. Sei kasu berri atzeman ziren, eta gora egin du apur bat intzidentzia tasak. Argi laranjak piztuta jarraitzen du herrian, 343,33ko tasarekin.

Zarautzez gain, eskualdeko beste hiru herritan zenbatu dituzte positiboak oraingo honetan: sei Azkoitian, lau Azpeitian eta hiru Zumaian. Eskualdeko beste zazpi herrietan ez dute kasurik izan.

Semaforoak gorri jarraitzen du Azpeitian. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasa 650,95ean aurkitzen da une honetan. Ondorioz, oraindik ere itxita jarraitu beharko dute ostalaritzako establezimenduek Urola Erdiko herri honetan. 

Azpeitia da gorriz dagoen herri bakarra eskualdean. Laranja kolorez jantzita dago Azkoitia; 308,62ko tasa dute, hurrenez hurren. Orion eta Zumaian, aldiz, semaforo horiak jarraitzen du piztuta. Azken hau berdetik hurbil egon zen orain astebete inguru, baina azken egunotan izandako igoeren ondoren 132,32ra igo da. 

Hego Euskal Herriari dagokionez, jaitsiera handia izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Herenegun izandako 582 kasuetatik atzoko 396ra pasa da positibo kopurua. 12.572 proba egin zituzten atzo, eta ondorioz positibotasun tasa %3,1ekoa izan zen asteazkenean.

Lurraldeei dagokionez, Araban 79 kasu izan zituzten atzo, 177 Bizkaian eta 138 Gipuzkoan. Hiru lurralde hauetatik kanpo bizi diren bi lagunek ere positibo eman zuten atzo. 335 lagun daude ospitaleratuta Osakidetzako erietxeetan, eta 98 dira ZIUn aurkitzen diren pertsonak.

Nafarroako Gobernuak ez du oraindik daturik eman.