Igande honetan ekingo die mobilizazioei Sare plataformak

Amaia Urbieta Arruti-Dorleta Agiriano Lai 2020ko abe. 18a, 10:16
Azaroaren amaieran, "salbuespenezko espetxe politikarekin" amaitzeko eskatu zuten Zarautzen. (Dorleta Agiriano Lai)

Osasun egoera dela eta, aurten ez dute deituko manifestazio jendetsurik Bilbon. Urtarrilaren 9rako jarri du hitzordua Sarek herriz herri, baita Zarautzen ere. Egunotan beste hainbat ekitaldi egingo du.

Aurten ezin izango du Sare plataformak urtarrilero Bilbon presoak etxeratzeko aldarrikatuz egin ohi den manifestazio erraldoia antolatu. Hala ere, egin egingo dute protesta, herriz herri. Urtarrilaren 9an, larunbatean, aldi berean abiatuko dira manifestazioak, baita Zarautzen ere. Malekoiko Dama eskulturaren parean jarri dute hitzordua, 17:30ean.

Manifestazioarekin bat egiteko izena emateko zerrendak jarriko dituzte herriko auzoetako denda eta tabernetan nahiz online, "mobilizazio handi hori denboraz eta egoki antolatu ahal izateko". Erronka ere jarri dute, urtero zarauztarrek Bilborako hainbat autobus betetzen dituztela kontuan hartuta: "Baietz 500 lagun batu!".

Datozen asteetan, martxan

Bestalde, hamaika ekitaldi antolatu dituzte Zarautzen Gabonen testuinguruan presoen eskubideak oinarri hartuta. Sareko kideen arabera, helburua da "herrian, preso eta iheslarien
etxeratze prozesuaren martxan jartzearen aldeko eta elkarbizitzaren zein bakearen aldeko aldarria zabaldu eta lantzea".

Igande honetan emango diote hasiera egitarauari: Pagoetara igoera antolatu dute, eta 12:00etan argazkia aterako dute tontorrean. Hilaren 24an bizikleta martxa eta elkarretaratze argitsu eta musikatua egingo dituzte, eta hilaren 23tik 30era, zenbait ekimen izango dira Bidea Gara astearen barruan. Behin urte berria hasita, urtarrilaren 3an, auto karabana egingo dute.

Sare plataforma kezkatuta agertu da presoen egoeragatik, pandemiak bisitak izateko eragozpenak handitu egin dizkielako. "Egoera hori okerragoa da euskal presoei ezartzen zaien urruntze politikaren ondorioz". Dei egin diete herritarrei datozen asteetarako prestatutako mobilizazioetan parte hartzera, bereziki, urtarrilaren 9ko manifestazioan.

Deialdiak

  • Etzi, abenduak 20. Pagoetara igoera. 12:00etan argazkia tontorrean eta hamaiketakoa (etxetik eramanda).
  • Abenduak 24. Bizikleta martxa 16:30ean, Olentzero eta Maridomingirekin. 18:00etan, elkarretaratze argitsua, Musika Plazan.
  • Abenduak 23-30. Bidea Gara astea. Erronkak, erakusketak eta mobilizazioak egingo dituzte. Aurrerago emango dute egitarau zehatzaren berri.
  • Urtarrilak 3. Kotxe karabana 12:30ean, Astitik.
  • Urtarrilak 9. Manifestazioa, malekoiko Dama eskulturaren paretik abiatuta, 17:30ean.