UKTk Kudeaketa Aurreratuaren Saria jaso du

Ihintza Elustondo 2020ko abe. 18a, 13:33
Atzo izan zen sari banaketa ekitaldia. (@EUSKALIT)

Eusko Jaurlaritzak Kudeaketa Aurreratuaren Sariak banatu zituen atzo, eta saria jaso du Urolako Komunikazio Taldeak.

Eusko Jaurlaritzak Kudeaketa Aurreratuaren Sariak banatu zituen atzo, osteguna, Bilboko Euskalduna jauregian. Erakundeak kudeatzeko Euskal Herrian garatutako sistema bat da Kudeaketa Aurreratua deitzen zaiona, eta helburua honako hau da: erakundeak hobeto kudeatzea. Bide horretan, sari batzuk banatzen ditu Euskalitek (Kudeaketaren Bikaintasunerako Euskal Fundazioak), Kudeaketa Aurreratuaren Eredua oinarri hartuta enpresek egiten dituzten hobekuntzak aitortzeko. 2020ko sari banaketan, ziurtagiria jaso du eskualdeko komunikabideek osatutako kooperatibak, Urolako Komunikazio Taldeak (UKT).

Maila ezberdinetan sailkatuta banatzen dituzte Kudeaketa Aurreratuaren Sariak, eta Kudeaketa Aurreratuaren Ereduan lehen pausoa eman du UKTk: diploma eskuratu du. Urtebete baino ez da kooperatiba sortu zela, eta UKTko arduradunak “pozik” daude denbora horretan kudeaketan aurrerapauso hori eman ahal izan dutelako. Gainera, erakundeko ordezkariek azaldu dute bide horretan urratsak egiten jarraitzeko asmoa dutela.

Kudeaketa Aurreratuaren Eredua

Kudeaketa Aurreratuaren Ereduak funtsezko bost elementu jasotzen ditu: estrategia, bezeroak, pertsonak, gizartea eta berrikuntza. Ebaluazioaren oinarria da erakundeek horietako bakoitzean lortutako garapen maila eta lortutako emaitzak aitortzea.