Zifrak apaltzen doaz, baina ez dago erlaxatzeko motiborik

Aitziber Arzallus-Amaia Urbieta Arruti 2020ko abe. 18a, 15:31

Hiru koronabirus kasu berri zenbatu zituzten atzo Zarautzen. Kopuruak azaroaren erdialdekoak baino askoz bareagoak dira, baina ez dago erlaxatzeko motiborik; aurreko ostiraletik, denera, 39 dira atzemandako kasu berriak Zarautzen.

Badirudi azken egunotan beheranzko joera hartu dutela koronabirus kasu berriek herrian, baina duela astebete kezkagarria zen egoera: abenduaren 10a eta 12a bitartean 34 lagunek eman zuten positibo. Atzokoan hiru positibo berri atzeman zituzten Osasun Sailaren arabera eta, horiek gehituta, 39 izan dira azken astean Zarautzen zenbatu dituzten positibo berriak. Ez dago erlaxatzeko motiborik, baina azaroaren erdialdean baino askoz apalagoak dira datuok. Intzidentzia tasari dagokionez, eremu laranjan jarraitzen du Zarautzek: 339,04koa da tasa.

Eskualdean, berriz, gora egin du positiboen kopuruak. Eusko Jaurlaritzako Osaun Sailak jakinarazi duenez, 27 kasu berri zenbatu zituzten atzo guztira Urola Kostan, herenegun baino zortzi gehiago. Azpeitiko hemezortzi positiboak dira igoera horren erantzuleak. Gainontzeko herrietan bederatzi zenbatu zituzten orotara: lau Zumaian, hiru Zarautzen eta bana Getarian eta Orion. Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian, Beizaman, Errezilen eta Zestoan, bakar bat ere ez.

Aste osoko datuak kontuan hartzera, Azpeitia izan da positibo gehien zenbatu dituzten eskualdeko herria, 75. Hango egoera kezkagarria da, eremu gorrian dago, eta intzidentzia tasa gorantz ari da egunez egun; gaur 730,65ekoa da. Eremu horian daude, berriz, Azkoitia, Orio eta Zumaia. Azkoitian 26 positibo atzeman dituzte azken zazpi egunotan, eta 291,93koa da hango intzidentzia tasa; Orion zazpi dira azken astean atzemandako positiboak, eta 164,99ekoa da han tasa; eta Zumaian, hamalau positiborekin, 173,03koa da tasa. Eskualdeko gainerako herriak ez dira sartzen Jaurlaritzaren koloreen eskeman, 5.000 biztanle baino gutxiago dituztelako. Zestoan bost positibo atzeman dituzte azken astean, Aian hiru eta Getarian bi. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen bakar bat ere ez. Astebetean, denera, 171 positibo baieztatu dituzte eskualdean.

Hego Euskal Herrian, gorabehera handirik gabe

Hego Euskal Herrian 528 positibo hauteman zituzten atzo, eta 520 izan ziren herenegun, gorabehera handirik ez da izan beraz.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 12.787 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo, eta horietatik 465ek eman zuten positibo, bezperan baino 69 gehiagok. Positibotasun tasak ere zertxobait gora egin du, %3,1etik %3,6ra. Bizkaian 193 positibo zenbatu zituzten, 191 Gipuzkoan, eta 78 Araban.

Erietxeetako presioa duela astebe baino txikiagoa da. Joan den ostiralean 506 lagun zeuden ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; horietatik 112 Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Gaur, ostera, 413 lagun daude ospitaleratuta, eta horietatik 98 daude ZIUn.

Nafarroan, ostera, beherakada nabarmena izan du positibo berrien kopuruak. Herenegun 124 zenbatu zituzten, eta atzo 63. Positibotasun tasak ere nabarmen egin du behera: herenegun %6,8koa zen eta atzo egin zituzten 1.830 PCR eta antigeno testetatik % 3,4k eman zuten positibo.