Gabonetan haur eta nerabeentzako hainbat ekitaldi egingo dira

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abe. 22a, 11:05

Ludotxo ludotekan eta Haize-Orratz gaztelekuan izango dira ekintza gehienak. 11 eta 17 urte bitarteko gaztetxoentzat irteerak ere antolatu dituzte. Beharrezkoa izango da ekintzetan aurrez izena ematea. 

Opor garaian aspertzeko astirik ez dute izango Zarauzko gaztetxo eta haurrek. Tailerrak, ikuskizunak, irteerak eta eta bestelako hainbat ekintza antolatu dituzte Ludotxo ludotekan zein Haize-Orratz gaztelekuan. 

4 eta 8 urte arteko haurrentzat astelehenetik ostiralera egongo da zabalik Ludotxo, 09:00etatik 12:00etara; ekintza bereziak 10:30etik 12:00etara izango dira. 9 eta 11 urte artekoentzat, berriz, asteburuetan egongo da zabalik, 17:00etatik 20:00etara; horien ekintza bereziak 18:00etatik 20:00etara izango dira.

Ludotxoko egitaraua

Ekintza berezietan parte hartzeko aurrez eman beharko da izena, beranduenez, ekintza baino egun bat lehenago, ludotekara bertara jota. Informazio gehiagorako, zarauzkoludoteka@gmail.com helbide elektronikora idatzi daiteke. 

  • Gaur, abenduak 22. Ludofilm: Gabonetako filma.
  • Bihar, abenduak 23. Gabonetako eskulana.
  • Abenduak 26, larunbata. Festarako prestaketa.
  • Abenduak 27, igandea. Gabonetako festa eta magia saioa.
  • Abenduak 28, astelehena. Inuxente eguna: broma jolasak.
  • Abenduak 29, asteartea. Olinpiadak.
  • Abenduak 30, asteazkena. Ipuin kontalaria.
  • Urtarrilak 2 eta 3, larunbata eta igandea. Serigrafia tailerra (parte hartu nahi duenak bi egunetan joan beharko du).
  • Urtarrilak 4, astelehena. Saio musikatua. 
  • Urtarrilak 5, asteartea. Lagun ezkutua: opariak sortzen.

Haize-Orratzeko egitaraua

Aquariumera, Lasertag parkera eta Txuri-Urdinera joan ahal izateko izena eman beharko da Gazte Informazio
Bulegoan, eta plazak mugatuak izango dira. Bihar izango da izena emateko azken eguna. Jarraian zerrendatutako ekintzak 2003 eta 2008 bitartean jaiotako gaztetxoei bideratuta daude. 

  • Bihar, abenduak 23. Topagunea.
  • Abenduak 26, larunbata. Aquariuma (4€).
  • Abenduak 27, igandea. Karaokea.
  • Abenduak 29, asteartea. Lasertag parkea (5€).
  • Abenduak 30, asteazkena. Gabonetako bingoa. 
  • Urtarrilak 2, larunbata. Txuri-Urdin (6€).
  • Urtarrilak 3, igandea. Gabonetako filma. 

Gaztelekuko eta ludotekako egitarauez gain, haurrentzako ekitaldiak izango dira Modelo aretoan, eta Txu-txu trena ibiliko da herrian zehar urtarrilaren 2an eta 3an. Eskuorri honetan dago ekitaldien inguruko informazio gehiago.