Zarauzko ELAk eta LABek bat egin dute euskal presoen aldeko urtarrileko ekimenarekin

Onintza Lete Arrieta 2020ko abe. 30a, 15:53
Xabier Maiz (ELA) eta Aihotz Aiestaran (LAB), presoen eskubideen aldeko banderekin

"Bilbora egiten genuen bidaia egin behar ez dugula jakitun, gure herrietan kalera ateratzeko unea dugu", azpimarratu dute. Urtarrilaren 9rako Sarek antolatutako ekitaldirako izena emateko aukera egongo da bi sindikatuen Zarauzko egoitzetan ere.

Zarauzko ELA eta LAB sindikatuek ohar bateratua kaleratu dute, babestuz "datozen egunotan euskal preso eta iheslarien eskubideen defentsan antolatuko diren mobilizazioak".

Horregatik, bi sindikatuetako afiliatu eta ingurukoei eskatu diete mobilizatzeko Sarek sustatutako Izan Bidea dinamikaren inguruan, "presoen afera konpontzea lehentasunezkoa baita. Euskal Herritik oso garbi hitz egin dugu presoen aferari buruz, eta mezu garbi bat bidali diegu estatuei: presoak Euskal Herriko espetxeetara ekarri, gaixo daudenak askatu eta salbuespenezko espetxe politika anker honekin amaitu beharra dago". Zarauzko sindikalistek gogoratu dute "sindikatu guztiek" horrela adierazi izan dutela Izan Bidea dinamikaren barruko mobilizazioetan, "espetxean dauden presoek jasaten duten urruntzeari amaiera eman eta, oro har, oraindik indarrean dagoen espetxe politika eta salbuespen egoera gainditzea premiazkoa dela aldarrikatuz. Estatuei zuzenduriko mezua garbia da, beraz, eta eurei dagokie aldarrioi bide ematea. Hori bultzatu asmoz,eta gaiaren larritasuna ikusita, eragile desberdinen arteko adostasunak eraikitzen jarraitu beharra dugu, eta, honekin batera, aktibazio soziala mantendu eta zabaltzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu".

Langileak parte hartzera bultzatu dituzte Zarauzko ELAk eta LABek: "Langileak kalera atera behar gara presoen eskubideen eta horien Euskal Herriratzearen alde, espetxe politika aldatzea helburu. Horregatik, urtarrilaren 9rako deitutako mobilizazio egunari babes osoa emateaz gain, bertan parte hartzeko dei berezia egiten dugu. Euskal jendartean euskal presoen eskubideen aldeko jarrera gero eta zabalduago dagoen honetan, alde egotetik kalera irteteko pausoa emateko deia egiten diogu gure oinarriari".

"Bilbora egiten genuen bidaia egin behar ez dugula jakitun, gure herrietan kalera ateratzeko unea dugu", azpimarratu dute. Jakinarazi dute ELA eta LABen egoitzetan presoen etxeratzearen aldeko aldarriak berrezarriko dituztela, "aldarrikapenok kalean egotea beharrezko ikusten baitugu".

Gainera, urtarrilaren 9ko ekitaldian parte hartzeko izena emateko aukera egongo da bi sindikatuen Zarauzko egoitzetan.