Zarauztarren eskaerak hastear den urte berriari

Onintza Lete Arrieta 2020ko abe. 31a, 15:53

Zer desio, nahi eta itxaropen dituzte 2021erako Txus Manterolak, Xabi Zabalak, Natalia Vahlek, Julen Olazabalek, Begoña Egañak, Jaione Escuderok eta Angel Urangak?

2021 urteari zer eskatzen diozu? Zer nahi, esperantza eta desio dituzu? Horixe galdetu diogu hainbat zarauztarri, eta hemen jasotako erantzunak.

Xabi Zabala (musikaria)

Urte berriari zerbait eskatu nahi badiogu, utzi berri dugun urteari errepaso bat egin eta honek derrigorrezko gogoeta bat eskatzen digu. 2020a ikusita, urte osasuntsu bat eskatzea besterik ez zait geratzen. Baina, eskatzen duzunean, zerbait ematea ere zentzuzkoa da; beraz, nire aldetik denok urte osasuntsu bat izateko egin behar dudan guztia egiten ahaleginduko naiz. Animo eta urte berri on denoi!!

Txus Manterola (Saharautz)

Hauek dira nire desioak 2021erako: haur denek izan dezatela familia baten babesa eta goxotasuna; ez dadila errefuxiaturik izan, ezta hirugarren mundurik ere; sahararrek askatasunez erabaki ahal izan dezatela etorkizuna; gizarte justuago bat lor dezagula, gizatiarragoa, enpatikoagoa; Gu izan gaitezela, eta ni asko.

Natalia Vahl (ZarautzOn elkartea)

ZarautzOn osatzen dugun 82 zarauztarrok honako hau eskatzen diogu urte berriari: ezagutzea pandemiak gure gizartearen bizimodu, bizikidetza eta portaera guztietan eragiten dituen ondorioak, eta ezagutza horretan sakontzea; mundu ekonomikoaren eta lanaren eraldaketa sakonei ekitea, forma berriei, baldintzei eta banaketari dagokionez; erantzukizunez planteatzea belaunaldien arteko elkartasunetik eratorritako eskakizun eta aldaketei: besteak beste krisi klimatikoaren ondorioak, munduko beste leku batzuen ustiapena, adinagatik gazteak edo adinekoek baztertzea...

Eskatzeaz gain, eskaini ere egin nahi diogu zerbait zarauztarrei 2021ean: zarauztarrontzat gaurkotasun eta interes handienekoak diren gaiak identifikatzeko eta elkarrekin lantzeko topagunea; herritar aktiboen ongizatea eta garapena areagotzeko gauzak egiteko modu profesional bat; eta lankidetza giroa, egindako lana elkarrekin hazi eta gozatzen laguntzen diguna.  Ateak irekita izango ditu gai hauetan interesa duen edonork eta bere trebetasunak edo ezagutzak eskaintzeko prest dagoen edonork.

Julen Olazabal (ostalaria)

Lehenik eta behin, 2021ari eskatu nahi nioke topikoa baina garrantzitsua den zerbait, beharrezkoa dugun osasuna izatea denontzat eta pixkanaka gure betiko ohiturak berreskuratzea.

Bestetik, ostalaria naizen aldetik, itxialdi gehiago ez izatea eta irekitzeko baldintza duinak izatea eskatu nahiko nuke. Urte berri on denoi eta gozatu!

Begoña Egaña (Zaporeak)

Datorren urterako nahia, desioa eta esperantza. Garai honetan, eta egoera nola dagoen ikusita, errazena edo ohikoena osasuna eskatzea izango litzateke, datorren urtera begira norbere eta ingurukoen osasun onaren nahia, desioa eta esperantza. 
Baina hau, neurri batean, norberaren esku ere badagoenez, harago joan nahiko nuke, eta datorren urterako NAHIA da: boterea duten pertsona guztiak, agintari, politiko, arduradun... eta edozein botere mota duten pertsonek, gizartearen zerbitzura daudela kontziente izatea, eta ez alderantziz. 

Nire DESIOA da, bukatzen den urte konplikatu honek ekarri dituen aldaketek, benetako gizarte eraldaketa bat bultza dezatela, eta eraikiko den gizarte berriak denontzako lekua edukitzia, hau da, hemengo eta hango, kanpotik datozenak edo joan behar direnak, emakumeak eta gizonak, ume, gazte, heldu eta zaharrak... bakoitzak dakarrenarekin errespetatu eta errekonozitzea, eta hemen ozen aipatuko nuke, bizitza guztian zehar, modu batera edo bestera, aurrera ateratzeko lanean aritu diren gure adineko jendeari errekonozimendua eta eskertza.

Eta azkenik, aipatu nahiko nuke, datorren urtea ere ezberdina eta berezi xamarra datorrela dirudienez, nire nahi eta desioak betetzeko eta hau guztia etxeko eta maite dudan jendearekin disfrutatzeko ESPERANTZA handia daukadala.

Jaione Escudero (musika irakaslea eta abesbatzako zuzendaria)

Nik, herritar bezala, herritarron beharrak asetzea eskatuko nioke 2021. urteari, bai ekonomi aldetik, baita emozio aldetik ere. Zoriontsu eta baikorra izatea, suertatzen zaizkigun oztopoei aurre eginez.

Nik, musikari bezala, ilusioa mantentzea eta ilusio hori lau haizeetara zabaltzen uztea eskatuko nioke urte berriari.

Angel Uranga (artista eta irakaslea)

Zarauztarrentzat urte berrirako dudan nahia, desioa edo eskaera, zera da: elkar ondo entzun dezagula. Izan ere, lantaldean proiektuak eraiki eta garatu ahal izateko horixe da lehenengo pausoa, komunikazio ona egotea. Entzutea, ulertuz, eta lortzea besteek ere zu ulertzea. Behar hori azpimarratu nahi nuke 2021ari begira.