Errege Magoen Zarauzko desfilea, aurten Erlo telebistan eta ETB3n

Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 2a, 13:58

Kalean ez da izango desfilerik aurten urtarrilaren 5ean, eta horren ordez, bideo berezia prestatu dute Schola Cantorumek eta Zarauzko Udalak. Telebistaz gain, online ikusteko aukera ere egongo da, Zarauzko Udalaren webgunean eta Youtube kanalean. Emanaldia iragartzeko honako spota zabaldu du udalak gaur.

COVID-19ak eragindako pandemia dela-eta, aurten herriko kaleetan ez da Errege Magoen Desfilerik izango. Horregatik, Schola Cantorumek eta Zarauzko Udalak bideoa prestatu dute, herriko txikienek telebistaz edo online ikusi ahal izateko hiru erregeak Errege bezperan, hau da, urtarrilaren 5ean.

Bideei dagokienez, batetik Erlo telebistan (20:00etan) nahiz ETB3n (19:00etan) emango dute bideoa. Bestetik, online ere ikusi ahalko da, Zarauzko Udalaren webgunean nahiz udalaren Youtube kanalean.19:00etan ikusi ahalko da bi gune horietan.

Bideoaren berri emateko, spota kaleratu du gaur bertan Zarauzko Udalak, eta jakinarazi du bideoaren errealizazio lanak Juanfe Garces zarauztarrak egin dituela.

Postontzia gutunentzat

Bestalde, udalak gogorarazi du Bizar Zurik postontzi dotorea jarrita daukala Lege Zaharren Enparantzan, umeen gutunak Errege Magoei emateko.