"Alarmak pizteko" espetxealdi ostea

Zarauzko Hitza 2021ko urt. 2a, 18:00
Jon Ugarte Zarauzko bizilaguna, artxiboko irudian
Euskal presoen kopurua apalduz doan neurrian, gora doa kartzelaldiaren ondoren laguntza behar duten preso ohiena. Harrera elkarteari handitzen ari zaizkio lan bolumena eta gastua, eta 60-70 urtekoen egoera zaurgarriaz ohartarazi du. Berria egunkariak Jon Ugarte Zarauzko bizilagunarekin hitz egin du.

Harrera laguntza elkartea 2012an sortu zen, espetxetik irten eta horren beharrean dauden euskal presoei era askotariko laguntza emateko; administrazioetan egin beharreko paper kontuak, gidabaimena berritzea, osasun arreta, lan munduratzea... Elkarteak, ordea, paradoxa bat du: 2012an, Harrera sortu zutenean, 613 euskal preso zeuden, eta orain 226 dira. Preso kopurua jaisten ari da, eta, beraz, espetxetik irten ondoren laguntza behar dutenena handituz doa: "Ontzi komunikatuak dira: kartzelan dauzkaten arazoak desagertzen dira, baina gizartean diren arazo arruntak agertzen zaizkio", azaldu Jon Ugarte Harrerako kideak (Zestoa, Gipuzkoa, 1958).

Horien zaurgarritasuna nabarmendu du Zarauzko bizilagun Ugartek, sarri itzalean geratzen baitira aske geratzean sortzen diren zailtasunak: "Jendeak pentsa dezake preso batek, irtetean, bere burua defendatu dezakeela. Baina 25 urte barruan eman dituen batek ez du baliabiderik bere burua defendatzeko; herren dago. Jendeak ez du behar bezala antzematen hori".

Preso ohien gorakada horrek zuzeneko eragina izan du elkartearen lan bolumenean eta gastuen ugaritzean: "Haginlarietan gero eta diru gehiago joaten zaigu, oso gaizki ateratzen delako jendea, zaintzarik ez dutelako izan... Beste batzuk psikologikoki galduta irteten dira, egundoko ilusioarekin ateratzen direlako... Gero eta gehiagok adierazten digute psikologoaren beharra". Gainera, diruz ere laguntzen saiatzen dira, Espainiako Estatuak kartzelatik irten ondoren ematen dien diru kopuruari "gehigarri bat" jarrita, diru sarrerak bermatzeko errentara iristeraino. "Saiatzen gara ekonomikoki bultzada bat ematen, baina ohartzen ari gara kateatzen ari zaizkigula: laguntza mota horiek bizi artekoak bihurtzen ari zaizkigula, ez dutelako etorkizunik; haien egoera aldatzea oso zaila baita".

Jarraitu albistea irakurtzen.