Beherakada apala izan dute positibo kopuruek Zarautzen

Maria Maya Manterola 2021ko urt. 4a, 14:39

Abenduaren 30etik ez du Osasun Sailak herriz herriko datuen xehetasunik eman, eta gaur kaleratu du datu horiek argitara emateko txostena. Guztira, azken orduetan hemezortzi kasu positibo zenbatu dituzte Urola Kostako herrietan, duela bost egun baino hamahiru gutxiago. Zarautzen, lau izan dira positiboak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur argitaratu ditu azken egunetako PCR eta antigeno proben emaitzak herriz herri, aurreneko aldiz abenduaren 30az geroztik. Hala, jakin da azken egunetan positibo kopuruak behera egin duela Zarautzen. Hilaren 28an eta 29an seina kasu atzeman bazituzten, hurrengo egunetan bi eta lau kasu artean agertu dira, eta egon da kasurik gabeko egunen bat ere. Hilaren 30etik hona hamabi kasu berri egon dira herrian, horietako lau azken orduetan.

Hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia metatuaren berri ere ematen du herriz herri Osasun Sailak, eta oraingoz marra gorria markatzen duen 500etik behera dago Zarautz: 171,33an, hain zuzen.

Urola Kostari dagokionez, azken orduetan hemezortzi kasu positibo zenbatu dituzte, duela bost egun baino hamahiru gutxiago. Beraz, oro har, behera egin du herrietako positibo kopuruak. 

Azpeitian, azken egunetako datuekin, 500dik jaitsi da intzidentzia tasa –407,36 da orain–, eta eremu gorrian egoteari uzteaz gain, ostalaritza establezimenduak zabaldu ahal izango dituzte herri horretan. Zortzi kasu zenbatu zituzten abenduaren 30ean; hiru positibo zenbatu dituzte azken orduetan. Aizarnazabalen, berriz, zertxobait jaitsi dira kasuak, baina altua izaten jarraitzen du intzidentzia tasak, 4.681,40, hain zuzen ere. Udalaren erabakiz, itxita jarraituko dute eraikin publikoek, zerbitzuek eta ostalaritza establezimenduek.

Azkoitian beherakada apala izan da. Hiruna kasu zenbatu zituzten abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean, eta bana zenbatu dituzte azken hiru egunetan. Azken datu horien eraginez behera egin du intzidentzia tasak; 233,66 da orain.

Igoera arina izan da, bestetik, Zumaiako kasu kopuruan. Kasu bakarra zenbatu zuten abenduaren 31n herri horretan, eta bost zenbatu dituzte azken orduetan. 

Beste muturrean daude Getaria, Errezil, Beizama eta Zestoa: kasu positibo bakar bat ere ez dute zenbatu herri horietan azken orduetan. Hala eta guztiz, intzidentzia tasa altua du Errezilek –966,18–. Kasu bana izan da, bestalde, Orion eta Aian. 

Hego Euskal Herrian, kasuek gora

Datuek oro har hobera egin dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; ez ordea Nafarroan. Atzo 66 kasu positibo atzeman zituzten  han, eta 88 zenbatu dituzte gaur –egun bakar batean % 6,8tik % 10,6ra igo da positibotasun tasa–. Guztira, 129 pertsona daude ospitaleratuta Nafarroan, horietatik 21 ZIUetan.

Gainontzeko lurralde historikoetan behera egin du kopuruak: Araban 39, Bizkaian 188 eta Gipuzkoan 132. Hiru lurralde horietan gora egin du ospitaleratutako pertsonen kopuruak. Hain zuzen ere, 257 ziren duela bost egun, eta 275 ziren atzo. Horietatik 78 daude ZIUetan.