Saharautz elkarteari 9.000 euroko dirulaguntza eman dio udalak

Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 5a, 14:38

Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan egoera latza dela azpimarratu du Patxi Elola Kooperazio zinegotziak laguntzaren berri ematerakoan. "Berez, erbesteratze amaiezinak eragindako larrialdiari, orain COVID-19a eta guda gehitu behar zaizkio".

"Zarauzko Udalak ez dio Saharako herriari egoera zail honetan bizkarra eman nahi, eta Saharautzen bitartez, laguntza humanitarioa bidaliko du kanpamenduetara", adierazi du Patxi Elola Kooperazio zinegotziak prentsa ohar bidez. Hala, jakinarazi du udalak 9.000 euroko laguntza eman diola sahararren aldeko elkarteari.

"Berri kezkagarriak datoz Mendebaldeko Saharatik. Gerra hotsak entzuten dira, eta orain dela gutxira arte gurera uda pasatzera etorritako haur alai horiek, orain, dagoeneko koskortuta, armak hartzera deitu dituzte Marokoko gobernuaren eraso berri bati aurre egiteko", esan du PSE-EEko zinegotziak. Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan egoera latza dela gaineratu du Elolak. "Berez, erbesteratze amaiezinak eragindako larrialdiari, orain COVID-19a eta guda gehitu behar zaizkio eta". Elolak azaldu du dirulaguntza horrekin Saharautzek mota askotariko elikagaiak eta garbitasun gaiak erosi eta kanpamenduetara bidaliko dituela.

Uda honetara nahiz etorkizunera begirako adierazpenak ere egin ditu Elolak: “Espero dugu aurten normaltasunera bueltatu eta berriro Saharako errefuxiatuen kanpamenduetako haurrak Zarautzera etortzea eta Sahara Gara eguna ospatu ahal izatea. Zarautzen bizirik daukagu Saharako herriaren aldarrikapen historikoa, behingoz erbesteratze bidegabe horrekin amaitu eta beraien herri libre batera bueltatu daitezen”, esan du.