Martin de Marte, Kutxa Kultur programan

Zarauzko Hitza 2021ko urt. 6a, 18:54
Kutxa Kultur Musika programan hautatutako taldeak. (EITB)

Zarauzko musikariak Kutxa Fundazioaren laguntzarekin bere proiektua garatzeko aukera izango du. Aurtengo edizioan, 107 hautagairen artetik sei aukeratu dituzte antolatzaileek.

Martin de Marte Zarauzko musikaria Kutxa Kultur Musika programarako hautatu dute. Kutxa Fundazioak 107 hautagaietatik sei aukeratu ditu 2021eko ediziorako; tartean, Zarauzko proiektua. Ez da eskualdeko hautatu bakarra izan; sei horien artean da Ramona's First Evil Boyfriend Azkoitiko taldea ere. Antolatzaileen arabera, bilerak egingo dituzte taldeekin eta bakoitzaren premiak argituko dituzte, ondoren, estrategia adosteko. Sei taldeei musika industriarekin lotutako prestakuntza eskainiko die Kutxa Fundazioak, eta beren proiektua estudio profesional batean grabatzeko aukera ere izango dute. Horrez gain, taldeek entseatzeko gunea izango dute Tabakaleran, eta hainbat kontzertu emateko aukera ere izango dute.

Martin de Martek bi disko atera ditu orain artean, eta azkena joan den urtean kaleratu zuen: Red River Ride. Proiektuari buruz gehiago jakiteko, sartu esteka honetan.