'Galdedebalde' saio bereziak izango dira Putzuzulon urtarrilean, ikusleekin eta gonbidatu bereziekin

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 7a, 10:12

Galdedebalde irratsaioak jendaurrean grabatuko ditu hiru saio Putzuzulon, eta zuzenekoan parte hartzeko aukera izango dute ikusleek. Gonbidatuen artean daude Aitziber Garmendia, Jon Plazaola, Xabi Bandini eta Olatz Salvador. Ikusle modura joan nahi dutenek, aldez aurretik erosi beharko dituzte sarrerak.

Galdedebalde irratsaioak honakoa du hirugarren denboraldia Arraio Irratiaren uhinetan, eta urte berriari ekimen berri batekin emango diote hasiera Galdedebalde-ko kideek: hiru saio berezi prestatu dituzte urtarrilerako. Jakinarazi dute jendaurrean grabatuko dituztela saio horiek Putzuzulo gaztetxean, eta bertaratzen diren ikusleek zuzeneko emanaldian parte hartzeko aukera izango dutela, besteak beste, gonbidatuei galderak eginez.

Gonbidatuak aski ezagunak izango direla iragarri dute, gainera: Olatz Salvador, Xabi Bandini, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola izango dira hiru saioetako protagonistak. Irratsaioan parte hartzeaz gain, Salvadorrek eta Bandinik hainbat abesti eskainiko dituzte zuzenekoan eta akustikoan Putzuzulotik, eta bakarrizketa saio laburrak egingo dituzte Garmendiak eta Plazaolak.

Oraindik, ordea, Galdedebalde-ko kideek ez dute jakinarazi urtarrileko zein egunetan izango diren hiru zuzeneko emanaldiak, eta zein gonbidatu izango den bakoitzean. Aurrerantzean, astelehenetan esango dute aste horretako saio berezia zehazki noiz izango den, eta zein gonbidaturekin.

Sarrerak, 5 euroan

Galdedebalde-ren zuzeneko hiru saioetara ikusle modura joateko asmoa dutenek, aldez aurretik eskuratu beharko dituzte sarrerak. 5 euroan izango dira salgai, eta laster azalduko dute noiz izango den martxan salmenta.