Martxan da Martxoaren 8ko kartel lehiaketa

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 7a, 11:11

Urtarrilaren 11tik 22ra izango da lanak aurkezteko epea. Aurten ere bi saritu izango dira parte hartzaileen artean: epaimahaiak aukeratutako bat eta herritarrek, boto bidez, hautatutako bat.

Hamahirugarren urtez, Martxoaren 8ko kartel lehiaketa jarri du martxan Zarauzko Udalak. Urtarrilaren 11n, astelehena, irekiko dute lanak aurkezteko epea, urtarrilaren 22ra arte. Parte hartzaile bakoitzak lan bat aurkeztu ahal izango du gehienez, "originala eta argitaragabea", udalaren esanetan. Urtero legez, gai nagusi modura Martxoaren 8a, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, izan beharko dute oinarri lan guztiek, "edozein ikuspuntutik".

Honako testua jaso beharko dute lehiaketara aurkeztuko diren kartelek, "ondo ikusteko moduan": "2021eko Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna". Horretaz gain, "nahi izanez gero", bestelako leloren bat ere txerta dezakete egileek.

18 urtetik gorako edozein pertsonak izango du parte hartzeko aukera, epaimahaiko kideek eta Zarauzko Udaleko langileek izan ezik.

Bi sari

Aurreko edizioetan egin modura, parte hartzaileen artean bi sari banatuko dituzte aurtengoan. Batetik, irabazle bat izendatuko dute epaimahaiko kideek, eta 400 euroko saria emango diote. Bestetik, baina, gustukoen dituzten lanak bozkatu ahal izango dituzte herritarrek, eta bigarren sari bat jasoko du boto gehien lortzen dituen egileak. Kasu horretan, 200 eurokoa izango da saria.

Udalaren arabera, lehiaketan kontuan izango diren irizpideak dira "kalitatea eta originaltasuna", "proposatutako gaiarekiko egokitzapena" eta "sormena".

Iaz Paula Estevez del Diegok irabazi zuen epaimahaiaren saria, eta Esther Avila Secok herritarrena.