Pentsiodunek elkarretaratzeei berrekingo diete datorren astelehenean

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 7a, 12:37

Otsailaren 13rako "mobilizazio orokor bat" ere prestatzen ari direla jakinarazi dute Zarauzko Pentsiodunen Mugimenduko kideek.

Zarauzko Pentsiodunen Mugimenduak ez du mobilizatzera deitu aurreko asteetan, baina jakinarazi duenez, datorren astelehenean, urtarrilak 11, berrartuko ditu asteroko elkarretaratzeak. Ohi bezala, 12:00etan elkartuko dira protesta egiteko, udaletxe aurrean. Azaldu du, gainera, "mobilizazio orokor bat" prestatzen ari direla otsailaren 13rako.

"Pentsio publiko duinak eta bidezkoak, soldatak eta lan-baldintza zuzenak, zerbitzu publiko unibertsalak eta zerbitzu sozio-sanitario publiko eta kalitatezkoak defendatzen dituzten askotariko gizarte-erakundeekin, emakume-taldeekin, gazteekin eta sindikatuekin lankidetza mantenduko dugu", gaineratu dute pentsiodunek. Gogorarazi dute, bestalde, "soldatetan eta pentsioetan generoen arteko arrakala desagertzea eta 2011 eta 2013 urteetako erreformen alderdi atzerakoiak indargabetzea aldarrikatzen jarraitzen" dutela.

Zarauzko pentsiodunek iragarri dutenez, "Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gutun bat bidaliko dio Espainiako Estatuko gobernuko presidenteari, pentsiodunen kolektiboaren prestazioak hobetzeko neurri zehatzik ez duela hartzen salatzeko". "Hiru urteko borrokaren ostean, gobernuak pentsioen sistema publikoa jasangarria dela onartu du, eta erosteko ahalmena bermatzeko eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko baliabide nahikoak badaudela onartu du", azpimarratu dute.