Astelehenetik aurrera izena eman ahalko da Jabetze Eskolako ikastaro berrietan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urt. 7a, 16:33
Diez Perez Emakumeen* Etxeko dinamizatzailea eta Vazquez Parekidetasun zinegotzia, ikastaroak aurkezten. (Amaia Urbieta Arruti)

Urtarriletik apirilera bitartean egingo diren zazpi ikastaro berri antolatu ditu Parekidetasun Departamentuak. Hilaren 22ra arte egongo da izena emateko aukera.

Ikasturte berriari ekingo dio gutxi barru Zarauzko Jabetze Eskolak. Urtarrila eta apirila bitartean egingo diren zazpi ikastaro berri antolatu ditu udaleko Parekidetasun Sailak,  eta atzo eman zuten haien berri Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak eta Andrea Diez Perez Emakumeen* Etxeko dinamizatzaileak. Astelehenean zabalduko da matrikulatzeko epea, eta urtarrilaren 22ra arte egongo da irekita; horretarako hiru bide egongo dira: Emakumeen* Etxeko helbide elektronikora idaztea (emakumeen-etxea@zarautz.eus), 943-00 51 36 telefono zenbakira deitzea edo berdintasunazarautz.wordpress.com webgunean zabalduko duten orrian izena ematea.

Koronabirusa dela-eta hartu beharreko segurtasun neurriak tarteko, ezingo dituzte ikastaroak aurrez aurre jaso zortzi lagunek baino gehiagok. Dena den, ohiko moduan, hogei pertsonak eman ahalko dute izena ikastaro guztietan, eta gainontzeko hamabi parte hartzaileek online jarraitu ahalko dituzte saioak.

Ikastaro guztiak Emakumeen* Etxean bertan izango dira, Ahalduntze digitala ikastarokoa izan ezik. Hori KZ gunean eskainiko dute. Ikastaro berriez gain, urtarriletik aurrera martxan jarraituko dute ikasturte hasieran abiatutako Arte terapia eta Sorkuntza laborategia ikastaroek, horiek urte osokoak baitira.

Asteartean aurkezpena

Interesa dutenek datorren asteartean ikastaro bakoitzaren inguruko xehetasun gehiago ezagutzeko aukera izango dute, izan ere, aurkezpen saio bat egingo dute egun horretan. Online izango da aurkezpena, eta irakasle bakoitzak bere ikastaroaren nondik norakoak azalduko ditu, 19:30ean hasita. Aurkezpen saioan sartu ahal izateko esteka Parekidetasun Departamentuaren webgunean jarriko dute eskuragarri.  2009az geroztik urtero antolatu ditu udaleko Parekidetasun Sailak Jabetze Eskolako ikastaroak eta, Vazquezen arabera, noiz edo noiz ikastaroren bat parte hartze txikiagatik bertan behera geratu bada ere, «erantzun ona» eduki ohi dute. 

Ikastaroak

Emakumeak eta umorea. Astearteetan, 18:45-20:00. Hausnarketak, jolasak eta algarak, Beatriz Egiazabalekin. Euskaraz, otsailaren 2tik martxoaren 30era. Prezioa: 15 euro. 

Norbera zaintzen eta maitatzen ikastea. Astelehenetan, 15:00-16:30. Emakume zaintzaileen arteko topagunea Kontxi Lopezekin. Gazteleraz, otsailaren 1etik martxoaren 22ra. Prezioa: 15 euro. 

Autodefentsa feminista. Martxoaren 27an, 10:00-14:00 eta 15:00-19:00. Indarkeria matxistaz hitz egin eta elkarrekin nola defendatu zaindu eta maitatu hausnartzeko, Maitena Monroyrekin. Saio bakarra. Prezioa: 10 euro.

Ahalduntze digitala. Ostegunetan, 18:00-20:00. Tresna teknologiko eta informatikoak erabiltzen ikasteko, Natalia Vahlekin. Otsailaren 4tik apirilaren 29ra, gazteleraz. Prezioa: 20 euro.

Lotura afektiboak. Asteazkenetan, 18:00-20:00. Harremanetan tratu onak bilatzeko, Pepa Bojorekin. Gazteleraz, urtarrilaren 27tik martxoaren 24ra. Prezioa: 15 euro. 

Norbere lemazain. Asteazkenetan, 16:00-17:45. Aran Erasunekin, mugak gainditu eta norbere bizitzaren lema hartzeko ikastaroa. Otsailaren 24tik apirilaren 21era, euskaraz. Prezioa: 15 euro.

Gure jakituria berreskuratzen. Astearteetan, 10:00-12:00. Virginia Belategiren eskutik, menopausia modu osasungarrian kudeatzen ikastek. Martxoaren 2tik apirilaren 29ra, euskaraz. Prezioa: 15 euro.