Haurreskola egokitu dute COVID-19a dela eta

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urt. 8a, 15:55
(Zarauzko Udala)

Bertako erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, hainbat egokitzapen lan egin dituzte azken hilabeteetan haurreskolan. Besteak beste, atezain automatikoa eta leiho eraisgarriak jarri dituzte.

Azken hilabeteetan hainbat aldaketa egin dituzte Zarauzko haurreskolan, COVID-19ak eragindako pandemia dela-eta hartu beharreko segurtasun neurriei errazago aurre egiteko. Atezain automatikoa jarri zuten urrian, Irune Urbieta Hezkuntza zinegotziak prentsa ohar bidez azaldu duenaren arabera, "sarrerak kontrolatzeko egokia" zelakoan. Erne eta Leihoak enpresek gauzatu zuten obra, 2.844 euroko aurrekontuarekin. Azaroan leiho eraisgarriak jarri zituzten, gelak aireztatu ahal izateko. Horretaz ere Leihoak enpresa arduratu zen, 8.436 euroko aurrekontuarekin. Azkenik, "umeen burbuilak mantendu eta kanpko eremura irteteko" hiru sare eta lau toldo bertikal jarri dituzte. Azken lan hori Beris enpresak egin du, 2.424 euroko aurrekontuarekin. 

Urbietak zehaztu du 13.700 euroko inbertsioa egin duela udalak haurreskolan, azken hilabeteetan. "Aldaketa hauekin haur, guraso eta hezitzaileen segurtasuna bermatu nahi izan dugu", burutu du zinegotziak.