Gutuna: Onartezina den tragedia

Itziar Murua 2021ko urt. 11a, 09:00

Itziar Murua Zarauzko EH Bilduko buruak honako testua helarazi dio Zarauzkohitza.eus-i. 

Bukatu dira gabonak eta festak, COVID-19ak baldintzatutakoak aurtengoak, ahal izan dugun neurrian, maite ditugunekin ospatu ditugunak, gure artean ez daudenak eta haien ondoan bizi izandako uneak oroituz.

Seguru asko, familiekin eta lagunekin bizitako une horiek beste batzuetan baino askoz gehiago baloratu ditugu, gure ondoan daudelako eta ondo dakigulako hori, batez ere egungo egoeran, zori handiko gauza dela.

Agian konturatu gara, halaber, gure artean badirela alboan inor ez dutenak, egunero gizarte-bazterketa pairatzen dutenak. Beraientzat, jai zoriontsuak iritsi beharrean, negu gordina iristen da, eta horri bakardadean eta etxerik gabe egin behar diote aurre batzuek. Eguberri egunean, albiste tristeak esnatu gintuen: pertsona bat hil zen goizaldean kale gorrian lo zegoela, estalperik gabe, Zarauzko bihotz-bihotzean, Torre Luzea parkean. Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Kudeatzaileen Estatuko Elkartearen urteroko azterlanaren arabera, gizarte-zerbitzuetan egindako inbertsioagatik "bikaintasun"; maila lortu duen
Zarautz horretan.

Baina bikaintasun hori zalantzan geratzen da azken urteetan gizarte-bazterketako egoeran bizi diren herritarrei eskaini beharko litzaizkiekeen gizarte-zerbitzuekin gertatu dena aztertzen dugunean. Izan ere, erakunde publikoen erantzukizuna da pertsonak zaintzea eta horretarako behar diren baliabideak ematea. 2011ko azaroan, Bilduko Juan Luis Illarramendiren alkatetzapean, Neguetxeak bere ibilbidea hasi zuen. Urteko sasoirik gogorrenean eskaintzen zuen arreta zerbitzuak, Bilduk gobernatzen zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak utzitako Zarauzko Monte Albertia eraikinean. Etxerik gabeko pertsonentzako gaueko harrera-proiektu hau Caritasek eta Gurutze Gorriak Ane Eizmendik zuzendutako gizarte-zerbitzuen sailari egindako proposamen batetik jaio zen, etxerik gabeko pertsonei ostatu duin eta seguru bat eskaintzeko, giza-kalteak murrizteko, giza elkartasuna sustatzeko eta gizartea sentsibilizatzeko besteak beste. Bost hilabetetan 300 gau-zerbitzu inguru ematera iritsi zen.

Bilduk hilabete gutxi batzuetan martxan jarri zuen zerbitzuak ez zuen EAJren eta PSE-EEren Udal Gobernuarekin legealdi bat ere iraun. Izan ere, 2018ko neguan eman zen zerbitzu hori azkenengo aldiz. Itxiera hori Monte Albertia ez zela lekurik egokiena, zerbitzu hori Urola Kosta eta Iraurgi mankomunitateen eskumena zela eta konponbide integrala behar duen gaia zela argudiatuz arrazoitu zuten.

Bertako erabiltzaileentzat beste aukerarik proposatu gabe itxi zuen zerbitzua EAJ eta PSE-EEko udal gobernuak, aurreikuspen falta eta arduragabekeria nabarmena erakutsiz.

2016an, Neguetxea itxi baino bi urte lehenago, Urola-Kostako Mankomunitatearen 2017rako aurrekontuen negoziazioan, EH Bilduk udalen artean gizarte-zerbitzuekin lotutako gaiei erantzuteko zerbitzua sortu, koordinatu eta bultzatuko zuen teknikari baten kontratazioa eskatu zuen.

Eskaera horren erantzuna Urola Kostako gizarte-zerbitzuen azterketara mugatu zen, gerora inoiz iritsi ez diren erabakiak hartzeko oinarri gisa erabili behar zen azterlan honetara 30.000 euro bideratuz. Azterlan horrek dio Zarautz dela eguneko eta gaueko harrera-zentro integralaren kokalekurik gomendagarriena.

Duela hilabete bat bakarrik, 2021erako Udal Elkarteko aurrekontuak negoziatu bitartean, berriz ere azpimarratu genuen gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonei urte osoan arreta emango dien zerbitzu baten inguruan konpromisoa hartu behar zela, baina ez genuen erantzun onik lortu eskaera horrentzat.

Nahiz eta egia den urte osoko gaueko eta eguneko arreta-zerbitzua eskualdeko udalerrien ardura dela, Zarauzko Udalak ez zuen erabaki behar arreta hori etetea eskualdean beste aukera bat martxan jarri gabe. Erabaki horren aurrean, gure taldeak mozio bana aurkeztu zuen 2019ko urtarrilean eta urrian, eskualdean Zentro Integral bat eduki arte, eta behin-behineko neurri gisa, Zarauzko Udalak neguko hilabeteetarako gaueko harrera-zerbitzua berriz martxan jar zezan eskatuz. Udal Gobernuko bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, atzera bota zituzten biak.

Negu honetan, gainera, pandemiak sortutako osasun-krisi globalak larriagotu baino ez du egin kolektibo horren problematika, nekez bete baitezake etxeratze agindua etxerik ez duenak. Zarautzen, hala ere, ez da hotzaren protokoloa aktibatu ahal izateko espaziorik prestatzera iritsi ere egin oraingoz.

Ezin dugu negu bat gehiago igaro behar duten pertsonak behar bezala artatu gabe. Kale gorrian hildako pertsona bat onartu ezin dugun tragedia bat da. Guztion ardura da gure eskualdeak bizi duen egoera honi konponbide azkar bat ematea eta gure eskua, beti bezala, luzatuta daukagu elkarrekin lan egiteko.