Gizonezko bat atxilotu dute bikotekideari erasotzeagatik

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urt. 12a, 11:40

Igande iluntzean 48 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak Zarautzen, Udaltzaingoak pasatutako abisuaren ondoren. Droga trafikoagatik ere zabaldu diote izapidea.

48 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak igandean Zarautzen, bikotekideari erasotzea eta drogen trafikoa egotzita. Ertzaintzak argitaratutako oharraren arabera, igande iluntzean Zarauzko etxebizitza batera jo zuten ertzainek, Udaltzaingoak jakinarazi ondoren pertsona bat bere bikotea erasotzen ari zela bertan. Etxean zegoen emakumeak kolpeak jaso zituela ikusita, gizonezkoa atxilotu eta andrea anbulatoriora eraman zuten ertzainek, artatua izan zedin. Emakumeak azaldu zuen "hainbat urtez" erasotu duela bikotekideak.

Ohar berean jakitera eman dutenez, etxeko hozkailuan 410 gramo haxix topatu zituzten, baita 373 gramo marihuana ere. Atzemandako droga konfiskatu zuten ertzainek eta atxilotuari droga trafikoagatik ere zabaldu diote izapidea.