Amorante: "Zarauzko 'Paperezko Kontzertuak' ate asko zabaldu zizkidan"

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urt. 14a, 10:08

Zarauzko Modelo aretoko oholtzara igoko da Amorante gaur. 19:00etatik aurrera ariko da zuzenean bere musika eskaintzen eta, bere arabera, emanaldiak izango du "sakonetik" zein "ludikotik".

Duela bospasei urte sortu zuen Amorante proiektua Iban Urkizu musikariak (Elgoibar, 1975). Aurretik beste bi erreferentzia grabatuak zituen, eta 2020 hasieran plazaratu zuen lehen kantu bilduma Bat edo hiru izenburupean; harrezkero, musikagintzaren bere alderdi gustukoena jorratzen dihardu Urkizuk: zuzenekoak eskaintzen. Hain zuzen, Zarautzen izango da gaur 19:00etan, Modelo aretoan.

Zuzenekoak eskaintzeko sortu zen Amorante proiektua.
Bai. Nik lana egiten dut zuzenekoetarako; horiek asetzen naute ni eta elikatzen dute Amorante proiektua.

Zer instrumentu erabiltzen dituzu zuzenekoetan?
Nire mundutxoa eraikitzeko erabiltzen ditudan tresnak, orokorrean, dira tronpeta, ahotsa, harmonium deitzen den tresna bat, sintetizadoreak eta pedalak: looperrak eta halakoak.

Nolako giroa bilatzen duzu oholtza gainean?
Emanaldia antolatuta dagoen moduan, proiektu honen aurpegi bat sakona izaten da, baina emanaldiak berak badauka bere parte ludikoa. Abesti batzuk mugituagoak dira hitzei erreparatzen badiegu, eta hori bilatzen da publikoaren interakzioaren poderioz.

Entzuten dena une batez albora lagata, ematen al diozu garrantzia ikusten denari?
Estetikari, bai. Garrantzitsua da, horretarako inportanteak dira argiak eta eszenografia. Ni nahikoa sutila naiz alde horretatik, tresnak sartzen ditut, ez dut gehiegi ere janzten, baina bai ematen diot garrantizia begietatik sartzen zaizun horri. Eszenatokia atonduta egotea izan daiteke alderdi bat, edo baita performatiboa ere, nola mugitzen naizen ni, nire kasuan.

Zer nahi diozu sorrarazi entzuleari?
Alde batetik, publikoa hunkitzea bilatzen dut eta, era berean, ongi pasatzea. Umorea oso tresna boteretsua da, euskal kantugintzan ez da gehiegi ere ematen, eta emanaldietarako uste dut inportantea izaten dela. Nire errepertorioa askotan nahikoa sakona izaten da, baina badauka bere parte ludiko hori, batzuetan modu dantzagarriagoan, edo hitzei erreparatuta.

Zuzenekoak prestatzeko lan egiten duzula diozu. Zergatik ez duzu horrenbesteko indarra jartzen grabatzean?
Estudioak nagia ematen dit askotan, nekeza egiten zait hango lana. Askoz gehiago gozatzen dut oholtza gaineko lanarekin. Musikari bezala genero ezberdinak landu ditut, askotan nire tresna nagusienari, tronpetari, lotuta. Hau [Amorante proiektua] martxan jarri nuen momentuan zuzenekoetarako zerbait bezala jarri nuen eta ez nion garrantzia handiegirik ematen grabatzeari. Lan egiten dudanean, normalean, zuzeneko emanaldietan aurkeztu behar dudanaren inguruan egiten dut. Tokatu izan denean, oso gutxitan, grabatzeko erabili izan ditut zuzenerako dauzkadan kantak.

Kantatzen ditudan kantu batzuk badira diskoan agertu izan direnak eta, aldiz, agertzen diren beste batzuk ez ditut zuzenean jotzen. Emanaldiak gauza bat dira eta gero Amorantek diskoan eskaintzen duena beste gauza bat da. Elkarri jaten ematen diote, baina ez daude derrigor kateatuta.

Ekarri dizu albo-kalterik gehiago ez grabatu izanak?
Ez. Ni oso eskertua nago. Normalean, zuzenean jotzeko dinamika izaten da grabatzearena, gero aurkezteko. Nire kasua ez da horrela izan. Adibidez, Zarauzko Paperezko Kontzertu batean egin nuenak ate dezente ireki zizkidan, egin nuen momentuan oihartzun dezente hartu zuelako. Horri tiraka, emanaldi dezente eduki ditut. Grabatu, hiru erreferentzia grabatu ditut, baina zuzenekoen poderioz izan da. Grabatu behar dut eta grabatzen dut, badakidalako horrek ekarriko didala zuzeneko gehiago egitea, baina nire disfrutatzeko esparrua oholtza da.

Zer duzu esku artean orain?
Diskoa atera zen eta horren uzta jasotzen ari naiz. Kontzertu batzuk atera zaizkit, bizitzen ari garen egoera kontuan hartuta, dezente, eta urtarrila nahikoa lanpetuta edukiko dut. Aurrera begira ere ari dira gauzatxoak ateratzen eta beno, eutsi nahi diot horri. Oso pozik eta oso eskertuta nago.