"Egoera txarrean dauden bizikletak" aparkaleku publikoetatik kenduko ditu udalak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 16a, 09:17

Datorren astelehenean pegatina gorri bat jarriko diete "abandonu zantzuak dituzten bizikleta guztiei". Bizikleta horiek bi hilabeteko epean konpontzen ez badituzte, kendu egingo ditu udalak.

Zarauzko Udalak "egoera txarrean eta bide publikoan aparkatuta dauden bizikletak kentzeko kanpaina" jarriko du martxan datorren astelehenean, urtarrilak 18. Egun horretan jarriko diete pegatina gorri bat aparkatuta dauden eta "abandonu zantzuak dituzten bizikleta guztiei", eta bi hilabeteko epea izango dute jabeek bizikleta horiek konpontzeko. "Konpontzen ez badira, kendu egingo dira", azaldu du udalak.

Udal ordenantzaren 39. artikuluaren arabera, ondoko baldintzak betetzen dituzten bizikletak kentzeko aukera izango du udal agintaritzak: bi gurpilak falta badituzte, "erabat erabilezina" den trakzio mekanismoa badute, edo bi hilabete baino gehiago egin badituzte bide publikoan aparkatuta, "giltzarraporik gabe , pneumatikoan airerik gabe edo abandonatuta egotearen beste zantzu nabarmen batzuekin".

"Zarauztarrek aparkatzeko toki gehiago eskatzen dizkigute herrian. Azken hilabeteetan egin dugun bezala, bizikletak aparkatzeko toki berriak jartzeaz gain, funtsezkoa iruditzen zaigu kanpaina hau martxan jartzea", dio Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak: "Ekintza honekin leku gehiago lortu nahi da espazio publikoan, Zarauzko bizikletak aparkatzeko tokietan".