Zarautzen behera egiten jarraitzen du intzidentzia tasak

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 19a, 13:21

Atzoko probetan hiru kasu positibo detektatu zituzten Zarautzen. Gaurkoz 222,73koa da kasu metatuen tasa, duela astebete baino baxuagoa: 269,84koa zen aurreko asteartean. Hego Euskal Herrian kezkagarria da egoera, atzo beste 1.132 kasu zenbatu ondoren. 

Hirugarren olatuaren aparrean, kasu metatuen tasak behera egiten jarraitzen du Zarautzen. Atzo egindako probetan hiru emaitza positibo izan ziren, igandean baino bat gutxiago. Hala, une honetan 222,73koa da herriko intzidentzia tasa, atzo baino baxuagoa –239,86koa zen atzo–, bai eta duela astebete baino baxuagoa ere 269,84koa zen aurreko asteartean, urtarrilak 12. Tasa 200eko langatik gertu kokatu bada ere, Zarautz eremu horia da oraindik.

Urola Kostan, baina, beste 21 positibo zenbatu zituen atzo Osakidetzak. Orion detektatu zituzten kasu gehien –bost guztira– eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak gora egin du herri horretan: 554,47ko intzidentzia tasa zuen herenegun, eta 636,01ekoa atzo. Eremu gorrian sartuta jarraitzen du Oriok, eta ondorioz gaurtik herria itxita dago: 500eko langa jaitsi arte ezingo da sartu-irtenik egin herritik.

Eremu gorrian jarraitzen duen eskualdeko beste herri bat Zumaia da. Atzo beste hiru kasu zenbatu zituzten, eta intzidentzia tasak bere horretan jarraitzen du. 926,02ko tasarekin, 5.000 bizilagunetik gorako herrietan Gipuzkoako handiena izaten jarraitzen du. Gaur egun zazpi udalerri daude Gipuzkoan eremu gorrian.

Azpeitian eta Azkoitian semaforoak laranja kolorean piztuta jarraitzen du. Atzo lau kasu izan zituzten Azpeitian, eta bi Azkoitian. Kasu metatuen tasak bere horretan jarraitzen du Azpeitian –413,93–, baina zertxobait gora egin du Azkoitian, 358,84tik 367,19ra.

Zestoan ere izan zituzten positiboak atzo; hain zuzen, lau. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zuten kasu positiborik atzeman.

Kasuak gorantz Hego Euskal Herrian

Neurriak zorrozteak ez du oraingoz emaitzarik eman Hego Euskal Herrian. 1.132 kasu izan ziren atzo, eta egindako proben positibotasun tasak oso goian jarraitzen du. 

10.755 proba egin zituen atzo Osakidetzak, eta 894k eman zuten positibo, %8,3ko positibotasun tasarekin. Bizkaian izan ziren atzo kasu gehien –530–; 132 Araban, eta 227 Gipuzkoan. Beste jatorri batzuetako bost positibo ere izan ziren atzo. 

82 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan, COVID-19ak eragindako gaixotasunengatik. ZIUn, berriz, 96 lagun zeuden atzo.

Nafarroan, berriz, 2.724 egin zituen astelehenean Osasunbidek, eta 238k eman zuten positibo. Lurralde honetako positibotasun tasa %8,7koa zen atzo. Handia da, baina bezperan izandako %11,7tik hiru puntuan jaitsi da. 

Nafarroako Gobernuak ez du oraingoz ospitaleratuen daturik eman.