200eko langatik behera kokatu da intzidentzia tasa Zarautzen

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 20a, 13:07

Atzo lau positibo baieztatu zituzten Zarautzen. Behera egiten jarraitzen du intzidentzia tasak, eta 197,03koa da une honetan. Hego Euskal Herrian milatik gora kasu detektatu zituzten atzokoan, eta lehendakariak bilerara deitu du Labi batzordea, balizko neurri berriak erabakitzeko.

Zarautzen behera egiten jarraitzen du kasu metatuen tasak, eta atzo baieztatutako lau kasu positibo berriekin, 200eko langatik behera kokatu da zenbatekoa. Une honetan 197,03koa da intzidentzia tasa herrian, baina semaforo horia piztuta du oraindik. Oraingoz, zazpi kasu berri zenbatu dituzte Zarautzen aste honetan, lau atzo eta hiru astelehenean.

Azpeitiarrek, ordea, albiste ezin txarragoa jaso dute San Sebastian egunean. Azpeitia eremu gorrira itzuli da atzo beste 21 positibo detektatu ondoren. 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko kasu metatuen tasa 538,76ra igo da, eta, ondorioz, 500eko langa igarota, semaforo gorria piztu da herrian. Ondorioz, biharko berrikusketan, herria ixteko agindua emango du Eusko Jaurlaritzak, eta horrekin batera tabernek eta jatetxeek ere ateak itxi beharko dituzte eta debekatuta egongo da eskola kirola. Neurriak ostiralean sartuko dira indarrean eta gutxienez datorren asteartera arte egongo dira.  

5.000 biztanletik gorako hiru herri daude gaur egun eremu gorrian eskualdean: Zumaia, Orio eta Azpeitia. Zumaian beste lau positibo detektatu zituzten atzo, eta gutxi bada ere intzidentzia tasa jaitsi da: azken egunotan 926an zegoen tasa, eta atzo 783,56an. Oraindik 500eko langa hori urrun ikusten da, baina beherako joera mantentzea garrantzitsua da. 

Orion ere beste lau kasu izan zituzten atzo, eta kasu metatuen tasak gorantz egin du: 636ko tasa zuten herenegun, eta 668,62koa atzo. Astelehenetik itxita dago Orio, eta gorriz dauden beste herrietan bezala, 500eko langa horretatik jaitsi arte itxita jarraituko du. 

Guztira 41 kasu izan ziren atzo eskualdean. Aipatutakoez gain, lau kasu izan ziren Zestoan. Azken herri hau 500eko langatik hurbil dago gaur egun; atzo 436,57ko intzidentzia tasa zuen. Aizarnazabalen eta Azkoitian bina kasu izan zituzten, eta ez zuten atzo positiborik izan Aian, Beizaman, Errezilen eta Getarian.

Mila kasutik gora Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian beste 1.246 kasu izan ziren atzo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.774 proba egin zituzten, eta 1.046k eman zuten positibo. Hiru lurraldetako positibotasun tasa %7,6koa zen atzo. Araban 110 positibo izan zituzten, 616 Bizkaian, 298 Gipuzkoan, eta hemendik kanpoko beste 22 pertsonak ere positibo eman zuten. 

Osakidetzak emandako datuen arabera, atzo beste 97 lagun ospitaleratu zituzten COVID-19ak eragindako gaixotasunekin. ZIUn, aldiz, 83 lagun zeuden atzo, bezperan baino bat gehiago.

Nafarroan, aldiz, zertxobait egin dute behera kasu positiboek. Atzo 200 kasu izan zituzten egindako 3.226 probetan. Bezperan baino 39 kasu gutxiago dira. Positibotasun tasa %6,2koa zuten atzo Nafarroan. Osasunbidek ez du eman ospitaleratuen daturik. 

Atzo baieztatutako kasu positibo berriak direla-eta, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bilerara deitu du Labi batzordea, balizko neurri berriak erabakitzeko. Ostiral honetan elkartuko dira.