Joseba Sarrionandia izango da protagonista aste honetako Gela saioan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 21a, 10:00

"Sarrionandia oso idazle emankorra da, genero anitzetan gainera", azaldu dute Photomuseumeko arduradunek: "Bere lanen zerrenda amaiezina da". Ustez gaur egun Habanan bizi den iurretarra izango dute hizpide ostiraleko Gela saioan, 18:00etan hasita.

Aurrera doaz aurtengo Gela saioak Photomuseumen. Ostiral honetan, urtarrilak 22, Joseba Sarrionandiari eskainiko diote tartea. Iurretarra da Sarrionandia baina, ustez, Habanan bizi da gaur egun. Haren militantzia politikoaren ondorioz kartzelaratu zuten, baina ihes egitea lortu zuen 1985. urtean, eta erbestean bizi da ordutik. Euskal filologian lizentziatua, "oso idazle emankorra" da, "genero anitzetan gainera", Photomuseumeko arduradunen esanetan: "Poesia, narrazioa, haur literatura eta komikiak ere jorratu ditu. Bere lanen zerrenda amaiezina da".

Sarrionandia ezaguna da Pott Bandako kide izateagatik, besteak beste, Bernardo Atxagarekin, Manu Ertzillarekin nahiz Jon Juaristirekin batera. Lanak argitaratzen jarraitu zuen klandestinitatean ere eta, idazle aritzeaz gain, euskara irakasten ere jardun du urte luzez. Photomuseumeko arduradunek azaldu dutenez, ustez, gaur egun ere "euskal hizkuntza eta literatura irakasten" ditu Kuban.

Egilea, haren lanak eta haren bizimodua aztertuko dituzte ostiralean Photomuseumen. 18:00etan hasiko da "kultur hedapenerako" saioa eta, ohi bezala, doakoa izango da sarrera.