Igandera arte ikusgai dago 'Zubiak Eraikitzen' erakusketa Merkatu Plazan

Mireia Galarza-Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 22a, 09:59

Aniztasun funtzionala duten pertsonek erronka berriak dituzte pandemia gurera iritsi zenetik. Hainbat elkartek antolatutako erakusketarekin, honako galdera gizarteratu nahi dute: "Kontaktu fisikoa gure terapiaren parte denean, eta irribarrea gure tresnetako bat, zer egin horiek falta direnean?".

Igandera arte argazki erakusketa berezia dago ikusgai Merkatu Plazako bigarren solairuan, goizez 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 19:00etara. Zubiak eraikitzen izenburupean, aniztasun funtzionala duten pertsonen egunerokoaren zati bat islatu dute, pandemia oinarri hartuta. Gainera, argazkietan alderaketa egin dute: ekintza berak egiten ageri dira Euskal Herrian, nahiz Nikaraguan. Izan ere, Gipuzkoako eta Nikaraguako hainbat elkartek hartu dute parte egitasmoan: Gipuzkoako Gureak, Goienetxe Fundazioa, Atzegi, Aspace eta Aita Menni Daño Cerebral elkarteek batetik, eta Nikaraguako AMSko zentroak, bestetik. 

Atzo zabaldu zituen ateak erakusketak, eta aurkezpenean izan ziren udaleko EAJko eta EH Bilduko hainbat zinegotzi, nahiz argazkietan ageri diren protagonistetako batzuk, azken horiek Arrasatetik bertaratuta. Hitza hartu zutenak, berriz, Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotzia eta Isabel Medina AMS Mundu Solidarioa elkarteko kidea izan ziren. Aranak azpimarratu zuen «bi lerro oso garrantzitsu» biltzen dituela egitasmoak: dibertsitate funtzionala eta kooperazioa. AMS Mundu Solidarioa elkarteak, izan ere, Nikaraguan egiten du lan, eta Aranak gogorarazi zuen herrian komunitate garrantzitsua dela nikaraguarrena: «Gaur egun 400dik gora nikaraguar bizi dira gure artean».

Gainera, azaldu zuen hainbat urte daramatzala udalak diruz laguntzen kooperaziorako elkarte hori, Nikaraguan urritasun fisiko edo psikologikoa duten gaztetxoei laguntzeko lan munduan integratzen. «2000.urtean hamabi erabiltzailerekin hasi zuten proiektua, eta orain 50 pertsona dituzte. Zarauzko Udalak 2013tik laguntzen du proiektu hori; bekak, ikastaroak eta abar luze bat ere bultzatzen dituzte bertako erakundeekin elkarlanean».  

Aranak eta Medinak azpimarratu zuten pandemiak «izugarrizko eragina» izan duela aniztasun funtzionala duten pertsonekin lan egiten duten elkarteetan, eta bisita gidatua egin zien bertaratutakoei Medinak, irudien bitartez azalduz zailtasunak. «Maskara janztea normala da guretzat, erraza dirudi, baina gure elkarteetan esfortzua eskatzen du. Besarkadak garrantzitsuak dira beraientzat, eta horiek ere ezin dira eman. Maskarek aurpegiak estaltzen dizkigute, ezin dute ikusi irribarrez ari garen ala ez...». Halako hamaika erronka berriri aurre egitea tokatzen zaie orain, eta erakusketak gizartearen aurrean ikusgarri jarri nahi ditu horiek guztiak.