"Inoizko aurrekonturik sozialena" onartu du udalak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urt. 22a, 14:08

36.202.261 euroko aurrekontua onartu zuen 2021erako Udalbatzak atzoko ezohiko osoko bilkuran. Udal Gobernuaren aldeko botoekin (EAJ eta PSE-EE) egin zuen aurrera proposamenak, EH Bilduk aurka bozkatu zuen eta abstenitu egin zen Podemos Equo-Berdeak.

2021erako 36 milioi euroko aurrekontua izango du Zarauzko Udalak. Hala onartu zuen Udalbatzak atzoko ezohiko bilkuran. Udal Gobernuko taldeen  (EAJ eta PSE-EE) aldeko botoekin egin zuen aurrera aurrekontu proposamenak; Podemos Equo-Berdeak abstenitu egin zen, eta aurka agertu zen EH Bildu.

Zehazki, 36.202.261 euroko aurrekontua izango du udalak 2021. urterako; iazkoaren aldean, milioi erdi baxuagoa da aurtengo aurrekontua. Jesus Arana EAJko bozeramaileak eman zuen proposamenaren berri. Azaldu zuen jakitun zirela COVIDak "zuzenean eta gogor eragiten" jarraituko duela 2021ean ere, gutxienez, lehen sei edo bederatzi hilabeteetan.

36 milioi horietatik hamazazpi aldundiko Foru Funtsetik jaso dituztela zehaztu du Aranak, eta zuzeneko zerga bidez jaso dituztela ia zortzi milioi. Bestelako zerga eta iturrietatik osatu dute 36 milioiko aurrekontua. 

Gastuei dagokienean, udalaren pertsonal gastuetara bideratuko dituzte 12.400.000 euro (iaz baino milioi bat gehiago) eta inbertsioetarako, berriz, 2.171.000ko partida bideratuko dute. Atal hori da iazko aurrekontuarekin alderatuta jaitsiera nabarmenena izan duena; izan ere, lau milioi bideratu zituzten inbertsioetara iaz. 2021erako inbertsioen artean egongo dira, besteak beste, Maria Inmaculada ikastetxea zen eraikina erosten jarraitzea (374.000 euro), Orokietako patioa estaltzea (300.000 euro), Abendañoko lokalen egokitzapena (150.000) eta herriko semaforoen berritze eta mantentze lanak.

Gastu politikoari dagokionez, Aranak nabarmendu du aurtengo aurrekontuan garrantzia berezia dutela Gizarte Zerbitzuek eta gizarte sustapenak. Hain Zuzen ere, Gizarte Zerbitzuetara 4.400.000 euro bideratuko dituzte. "Horrek esan nahi du zarauztar bakoitzeko 181 euro bideratzen dituela aurrekontu honek", ñabartu du EAJko bozeramaileak. Horren atzetik, Kulturara 4.200.000 euro bideratuko dutela zehaztu du, eta  antzeko koprua Etxebizitza, Hirigintzara eta herri lanetara. 4 milioi euro bideratuko dituzte, baita ere, herritarren segurtasun eta mugikortasunera, eta Kirol Sailera, berriz,  3.100.000 euro inguru.

Aurrekontua diseinatzerako orduan "zarauztarrei erantzuteko zerbitzuak mantentzea eta inbertsio publikoari eustea" kontuan hartu dutela ere zehaztu du zinegotziak. Iazko aurrekontuarekin alderatuta, departamentu bakoitzera bideratutako diru partidek ez dute aldaketa handirik izan. Hemen dago ikusgai 2020rako onartutako aurrekontua. Kulturara eta Kirolera bideratutako partidak murritzagoak izango dira aurten, eta Gizarte Zerbitzuetara bideratutakoa mantendu egingo da. Hori horrela, Xabier Txurruka alkateak azpimarratu nahi izan zuen "inoizko aurrekonturik sozialenak" direla udalak onartu berri dituenak.

Boto partikularra eta iruzkinak

Podemos Equo-Berdeak udal taldeak boto partikularra aurkeztu zuen Udal Gobernuak proposatutako aurrekontuaren aurrean. Zehazki, proposatu zuen gutxienez %10 jaistea zinegotzi guztien soldata, eta aurrezki hori berbideratzea Gizarte Zerbitzuetara, baina eskaerak ez zuen gainontzeko taldeen babesik jaso

EH Bilduk ez zuen banakako zuzenketarik aurkeztu, baina Itziar Murua bozeramaileak udalbatzarrean zerrendatu zituen koalizioak proposamenari egindako iruzkinak. Azaldu zuen faltan bota zutela aurrekontuan Zarauzko energia kontsumoaren diagnosirako partida, baita Neguetxea edo neguko harrera zentroa ere. "Gipuzkoako mapa sozialak dio eskualdearen erantzukizuna dela bazterketa egoeran daudenentzat gau eta eguneko zentro bat izatea, eta ez dago horrelakorik", esan zuen Muruak. Horiez gain, besteak beste, kritikatu zuen nekazaritzaren sustapenerako partida Turismo Sailera aldatu izana.