Martxan jarraitzen du Ikasurolakosta orientazio zerbitzuak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 22a, 12:30

Irene Dolara bitartekaria. (Ikaslan)

"Prestakuntza mota guztien inguruko informazioa" eskaintzen du Ikasurolakosta aholkularitzak, formala nahiz ez formala izan. Zarauzko Gazte Informazio Bulegora jo dezakete interesdunek, astelehenetik ostiralera bitartean.

Zarautzen iaz jarri zuten martxan Ikasurolakosta orientazio zerbitzua. Gipuzkoako Lanbide Heziketako 27 ikastetxe biltzen dituen Ikaslan Gipuzkoa sareak kudeatzen du Ikasurolakosta, eta Zarautzen azaroan berrartu zuten jarduna. Pasa den ikasturtean bezala, oraingoan ere, Urola Kostako Udal Elkarteko lanerako orientazio zerbitzuarekin elkarlanean eta Zarauzko
Udalaren laguntzarekin antolatu da, eta CIFP Monte Albertia LHII erreferentziazko ikastetxea izanda, zerbitzua Zarautzen bertan eskainiko da.

Arduradunek jakinarazi dutenez, "prestakuntza mota guztien inguruko informazioa" eskaintzen dute orientazio zerbitzuan; hala nola, prestakuntza formala —DBH, Lanbide Heziketa, Unibertsitateko ikasketak, arte-ikasketak, Hizkuntza Eskola Ofiziala edo Lanbide Egiaztagiri bat—, prestakuntza ez formala —lan-munduan sartzeko edo lanpostura hobeto egokitzeko baliagarriak diren ikasketak, Egiaztagirien Katalogoan ez daudenak—, nahiz etengabeko ikaskuntza delakoa —norbere ongizatea lortzeko egiten dena", esaterako, kirola, eskulanak edota askotariko terapiak—.

Bereziki eskualdean eskuragarri dauden prestakuntza-moten inguruko informazioa lantzen du Ikasurolakostak. Dena den, Gipuzkoako Lanbide Heziketako ikastetxeetan hainbat ikastaro izango dira aurten, "lanerako prestakuntzarako", eta horien inguruan galdetzeko aukera ere izango dute orientazio zerbitzura jotzen dutenek.

Bulegoa, Zigordia kalean

Ikasurolakostaren helburua da "bizi osoko ikaskuntza sustatzea", arduradunen esanetan. Online, telefonoz zein posta elektroniko bidez eskaintzen du zerbitzua, baina baita aurrez aurre ere. Zarautzen, hain zuzen, Zigordia kaleko 34. zenbakira bertara daitezke interesdunak, Zarauzko Gazte Informazio Bulegoan baitu egoitza Ikasurolakostak.

Hona hemen bulegoko ordutegia:

  • Astelehenetik asteazkenera, 09:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara.
  • Ostegunetan, 09:00etatik 17:00etara, baina ez da zuzeneko arreta zerbitzurik izango.
  • Ostiraletan, 09:30etik 14:30era.

Bertaratzeko asmoa dutenek, aldez aurretik hartu beharko dute hitzordua, 645 28 43 00 telefono zenbakira deituta edo ikasurolakosta@ikaslangipuzkoa.eus helbidera idatzita.