Sei kasu berri atzeman arren, duela astebete baino baxuagoa da intzidentzia tasa Zarautzen

Juan Luis Romatet-Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 22a, 12:46

Atzoko probetan sei kasu positibo zenbatu zituzten Zarautzen. Azken zazpi egunetan 30 kasu izan dira guztira, eta asteazkenean detektatu zituzten kasu gehien: 11. Une honetan 218,44koa da kasu metatuen tasa, duela astebete eta duela bi aste baino baxuagoa.

Zarautzen 200eko langatik gertu jarraitzen du intzidentzia tasak, eta piztuta jarraitzen du semaforoko argi horiak. Gaurkoz 218,44koa da hamalau eguneko kasu metatuen tasa, eta behera egin du aurreko bi asteekin alderatuta: 244,14koa zen aurreko ostiralean, urtarrilak 15, eta 265,56koa urtarrilaren 8an.

Dena den, aurreko zazpi egunetan baino kasu gehiago baieztatu dituzte azken zazpi egunetan. 30 positibo atzeman dituzte aurreko ostegunetik atzora arte –urtarrilaren 15etik 21era–, eta 21 positibo izan ziren urtarrilaren 7tik 14ra. Urtarrilaren 1etik urtarrilaren 7ra, ordea, 36 izan ziren detektatutako positiboak.

Azkeneko astean gorabeheratsua izan da egun bakoitzean zenbatutako positiboen kopurua, eta kasuek gora egin dute azken bi egunetan: aurreko ostiraletik –urtarrilak 15– astearte honetara arte eguneko gehienez lau kasu baieztatu badituzte ere, asteazkenean nabarmen hazi zen kopurua, 11 positibo izan baitziren. Atzo, ordea, sei lagunek eman zuten positibo.

34 kasu Urola Kostan

Izurritearen hirugarren olatuak indartsu jarraitzen du eskualdean. Atzo guztira 34 kasu zenbatu zituen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Urola Kostan, eta horietatik hamahiru Azpeitian izan ziren. 

Asteartean sartu zen Azpeitia eremu gorrian, egun bakarrean 21 kasu baieztatu ondoren. Zazpi eguneko epean 81 kasu izan dituzte Urola erdiko herrian, eta ondorioz gorantz egin du kasu metatuen tasak. Atzokoari dagokionez, intzidentzia tasa 716,16an zegoen, bezperan baino 66 puntu handiagoa. Gaurtik itxita dago herria, eta justifikatutako arrazoiengatik ez bada, ezingo da Azpeitian sartu edo herritik atera.

Eskualdeko intzidentzia tasa handiena, ordea, Oriok du. Atzo beste lau kasu izan zituzten, eta kasu metatuen tasa 750,16ra igo da; bezperan baino 33 puntu handiagoa da kopurua Orion. Zumaian, berriz, apurka bada ere, beherantz egin du intzidentzia tasak. 742,85ko tasa zuen atzo herriak, bezperan baino 31 puntu gutxiago. Atzo beste hiru kasu ezagutu zituzten herrian.

Gaurtik itxita dagoen beste herri bat Zestoa da, 500eko langa igaro ondoren. Atzo beste bi positibo izan zituzten, eta kasu metatuen tasa 590,65ekoa du une honetan, asteazkenekoa baino 50 puntu handiagoa. Azkoitian sei kasu detektatu zituzten atzo, eta Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zuten positiborik izan.

Ia 1.500 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko datuak ere kezkatzeko modukoak dira. 1.445 positibo detektatu zituzten Osakidetzak eta Osasunbidek.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.154 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 1.139 positiboak izan ziren. Positibotasun tasa %8,7koa izan zen hiru lurralde hauetan. Araban 174 kasu izan zituzten, 639 Bizkaian eta 319 Gipuzkoan. Hiru lurralde hauetatik kanpokoak diren zazpi lagunek ere positibo eman zuten.

Ospitaleratutako pertsonen kopuruak ere gorantz egin zuen atzo; beste 109 lagun ingresatu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan; ZIUn, berriz, 77 lagun zeuden atzo, bezperan baino zazpi gutxiago.

Nafarroan positiboen hazkunde handia izan zuten atzo: 305 positibo detektatu zituzten egindako 3.469 probatan. Positibotasun tasa %8,8koa izan zen atzo lurralde honetan.