Aintzane Pujanaren erailketa salatu dute dozenaka herritarrek gaur eguerdian

Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 23a, 13:37

Zarauzko Koordinadora Feministak deituta elkarretaratu dira herritarrak udaletxe aurrean, eta amaieran irakurri duten adierazpenean argi utzi dute "borrokan" jarraituko dutela "patriarkatu eta kapitalaren aliantza kriminalaren aurrean, indarkeria, bazterkeria, pobrezia eta desberdintasunik gabeko jendarte baten alde".

Urtarrilaren 4an Aizarnazabalen agertu zen Aintzane Pujana 32 urteko donostiarraren gorpua, eta orain gutxi jakin da ustez sexualki esplotatu egin zutela erail aurretik. Horren aurrean, mugimendu feministak protestara deitu zuen hainbat herritan, eta Zarautzen gaur eguerdian egin dute elkarretaratzea dozenaka lagunek udaletxe aurreko plazan, Eraso sexisten aurrean autodefentsa feminista lelopean.

Zarauzko Koordinadora Feministako kide batek testu bat irakurri du bilkura isilaren amaieran, eta taldeak gogoratu du aste honetan bertan salatu dituela aurreko astean herrian izandako erasoa eta 2017ko sanpelaioetan izandako bortxaketa. "Aizarnazabalgo kasuak, baina, indarkeria matxistaren aurpegi gogorrena utzi digu berriz agerian", azpimarratu dute.

"Indarkeria matxista emakume*on eguneroko ogia dela badakigun arren, oraindik ere izoztuta uzten gaituzte horrelako notiziek. Gaurko elkarretaratzea egoera salatu eta gure haserrea eta ezina kanporatzeko baliatu nahi dugu". Horrez gain, azaldu dute, "egoeraz hausnartu beharra ere sentitzen dugu. Egiturazkoa den indarkeriari denon artean egin behar diogu aurre, eta horretarako beharrezkoa da oinarri-oinarritik abiatzea". Botere harremanak identifikatzea eta horien inguruan hausnartzea da lehen pausoa Koordinadora Feministarentzat: "Esan diezaiogun stop! emakumeen kontrako indarkeria indartzen duten jarrerei, babestu dezagun elkar eta ahaldundu gaitezen. Gizonek, berriz, begiratu ezazue barrura eta ingurura, aztertu zuen pribilegioak, zuen artean hausnartu eta hautsi behingoz isiltasunaren konplizitatea".

"Izeberg erraldoi honi aurre egiteko modua" denon artean harreman berriak sustatzea eta lantzea dela uste dute.

Pandemia garaian, are okerrago

Bestalde, pandemia garaian indarkeria matxista areagotzen ari dela irizten diote: "Salatu nahi dugu pandemia garaian pertsona eta talde zaurgarrienak are egoera larriagoan daudela. Prekarietatea, pobrezia eta bazterkeria areagotuz doaz. Duela hilabete eskas etxegabe bat hil zen kaleko hotzez Zarautzen. Askotan salatu dugun bezala, pobreziak eta prekarietateak migrante, emakume eta gazteei bereziki eragiten die. Ondorioz, testuinguru zail honetan desberdintasunak handitu ahala indarkeria matxista ere areagotzen ari da".

Zarauzko Koordinadora Feministak mezu argi batekin amaitu du bilkura: "Patriarkatu eta kapitalaren aliantza kriminalaren aurrean, indarkeria, bazterkeria, pobrezia eta desberdintasunik gabeko jendarte baten alde borrokan jarraituko dugu".