Positiboek gora egin dute Zarautzen asteburuan: 15 kasu izan dira

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 25a, 14:15

Hamabost positibo baieztatu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Zarautzen asteburu honetan. Hala ere, 235,58koa da intzidentzia tasa, eta eremu horian jarraitzen du Zarautzek.

Ez ditu albiste onak ekarri asteburuak; ez, behintzat, izurriteari dagokionez. Zarautzen positiboen hazkundea izan da: hamabost kasu detektatu dituzte hiru egun hauetan (zazpi ostiralean, bost larunbatean eta hiru igandean). Hala ere, 235,58ko tasarekin, 200eko langatik hurbil mantentzen da Zarautz, eta eremu horian jarraitzen du.

Eskualdean, guztira, beste 114 positiboren berri eman du Osakidetzak asteburuan. Horietatik 60 herri bakarrean izan dira, Azpeitian. Urolako Kostako bi herritan baino ez dute positiborik izan asteburu honetan.

Gorritik granatera egin du salto Azpeitiak asteburuko datuei esker. Ostiralean hamazazpi kasu izan zituzten, 28 larunbatean eta beste hamabost igandean; 60 kasu guztira. Ondorioz, 100.000 biztanleko hamalau eguneko kasu metatuen tasak gora egin du beste behin ere, mila kasuko langa igarotzeraino. 1.031,54ko intzidentzia tasa zuen atzo Urola Erdiko herriak. 

Kilometro gutxira, Azkoitian, beste hamar kasu izan dituzte asteburuan: lau ostiralean, eta hiruna larunbatean eta igandean. Herriko kasu metatuen tasak ere gora egin du, eta 417,26an dago une honetan. Eremu laranjan dago Azkoitian, baina gorritik hurbil jarri da asteburuko datuen ondoren.

500ko langaren goitik jarraitzen dute eskualdeko beste bost herrik. Aian bost kasu izan dituzte asteburuan (hiru larunbatean eta bi igandean), eta 705,29ko tasa dute. Orion ere bost kasu baieztatu ditu Osakidetzak (bi ostiralean eta hiru larunbatean), eta tasa aurreko ostiralekoaren parekoa da: 750,16koa. Zestoan hamabi kasu izan dituzte asteburuan (bost ostiralean, hiru larunbatean eta lau igandean), eta tasa milatik hurbil jarri da; 898,82 intzidentzia tasa du Zestoak. Kasu metatuen tasak behera egin duten bi herri Zumaia eta Aizarnazabal dira. Kostaldeko herrian sei kasu izan dituzte asteburuan (lau ostiralean eta bi igandean), eta intzidentzia tasa 661,44ra jaitsi da; Aizarnazabalen, berriz, ez dute kasurik izan, eta tasa 1.430,43ra jaitsi da.

Errezilen, bestalde, bi kasu izan dituzte azken egunetan, biak ere ostiralean detektatutakoak, eta Getarian bat. Aizarnazabalekin batera, Beizama izan da kasurik gabeko herri bakarra Urola Kostan.

Positibotasun tasa oso goian Hego Euskal Herrian

Eusko Jaurlaritzak pasa den ostiralean hartutako neurri berriak indarrean daude gaurtik. Besperan, igandean, beste 826 positibo zenbatu zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako 9.483 probatan –%8,7ko positibotasun tasa izan zen atzo–. Araban 151 kasu izan zituzten, 426 Bizkaian eta 243 Gipuzkoan. Beste sei kasu ere izan ziren, hiru lurralde hauetan bizi ez direnenak. 

Ospitaleratutakoei dagokionez, 88 pertsona ingresatu zituzten atzo Osakidetzako erietxeetan. Asteburuan gora egin duena ZIUn ingresatutako lagunen kopurua da: 122 pertsona zeuden atzo zaintzako unitate hauetan.

Nafarroako Osasun Sailak beste 159 positiboren berri eman du gaur. Atzo 1.737 proba diagnostiko egin ziren (bezperan baino 818 gutxiago), eta 159k eman zuten positibo. Lurralde honetan %9,2ko positibotasun tasa izan zuten atzo.

Ohi bezala, Osasunbidek, Nafarroako osasun zerbitzuak, ez du ospitaleratuen daturik eman.