Helduei zuzendutako ikastaroen eskaintza zabalduko dute Aritzbatalden

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 25a, 18:30

Eskaintza zabalagoa izango da helduen igeriketan eta spinning saioetan, eta ikastaro berri bat ere jarriko dute martxan otsailean: entrenamendu funtzionala. Ireki dute izen-ematea.

Helduei zuzendutako ikastaroen eskaintza zabaldu dute Aritzbatalde kiroldegian: batetik, saio gehiago izango dira helduen igeriketan eta spinning ikastaroan eta, bestetik, otsailean ekingo diote entrenamendu funtzionalari, aurrenekoz.

Urtarrilean jarri zuten martxan helduen igeriketa, bi maila bereizita. Asteburuetan egin dituzte saioak, baina "izandako arrakasta ikusita", astelehenetik ostiralera ere izango da igeriketan jarduteko aukera, 20:00etatik 20:45era. Otsailetik aurrera egongo da indarrean egutegi berria.

Spinning ikastarorako ere ordutegi berria prestatu dute Aritzbatalden. Hain zuzen, astearteetan eta ostegunetan izango dira saioak, 17:45etik 18:35era.

Berrikuntza nabarmenena, baina, otsailean abian izango den ikastaldi berriarena da, entrenamendu funtzionala delakoa. Astelehenetik ostiralera eskainiko dute ikastaroa, baina ordutegi desberdinarekin:

  • Astelehenetan eta ostegunetan, 07:00etatik 07:50era.
  • Astelehenetan, 09:30etik 10:20era.
  • Astearteetan, 17:00etatik 17:50era.
  • Asteazkenetan, 09:00etatik 09:50era.
  • Ostiraletan, 19:45etik 20:35era.

Izen-ematea, irekita

Interesdunek izena eman dezakete jada, eta ikastaroak doan probatzeko aukera ere badute nahi dutenek. Horretarako, 943 00 51 23 telefono zenbakira deitu edo kirola@zarautz.eus helbidera mezu bat bidal dezakete.

Ondokoak dira Aritzbataldeko ikastaroen prezioak:

  • Astean saio bat izaten bada: 14,65 euro bazkideek eta 27,05 euro ez bazkideek, hileko.
  • Astean bi saio izaten badira: 29,25 euro bazkideek eta 54,10 euro ez bazkideek, hileko.