Gatazkaren transmisioa, pantailara

Amaia Urbieta Arruti-Gorka Eizagirre 2021ko urt. 26a, 10:46

Ikasgelan irakurri dituzte gutunak gaztetxoek. (Amaia Urbieta Arruti)

Zer dakite euskal nerabeek euskal gatazkaz? Eta ETAz? Nondik eta nolako informazioa heldu zaie? Herbehereetako telebista publikoak horiek landuko ditu grabatzen ari diren 'Cartas desde España' dokumental sortan. Zarauzko ikastolako gaztetxoei eman diete ahotsa. (Bideoa ikusgai behean)

Ezohiko bisita jaso dute gaur goizean Salbatore Mitxelena Ikastolan. Herbehereetako Telebista Publikoa (Nederlandse Publieke Omroep) Bicicleta ekoiztetxearekin batera egiten ari den Cartas desde España dokumental saileko protagonista izango dira gazte zarauztarrak. Hain zuzen, euskal gatazkaren gaia lantzeko eman nahi izan diete ahotsa DBH 4ko hainbat gaztetxori. 

Lanaren izenburuak iradokitzen duen moduan, eskutitzak izango ditu ardatz ikus-entzunezkoak, eta zortzi gaztetxok euskal gatazkari buruz eta ETAri buruz beraiek idatzitakoak irakurri dituzte kameren aurrean. Gaiaz zer dakiten, eguneroko bizitzan nola eragiten dien, interesatzen al zaien... gidalerro horiei jarraika idatzi dituzte gutunak ikasleek, eta holandarrek zortzi hautatu dituzte grabatzeko. Horretan aritu dira gaur Ikastolan Stef Biemans dokumentalaren zuzendaria eta bere lantaldea. 

Ikuspegi historikotik idatzitako hausnarketak, interesa bai baina ezagutza gutxi erakusten zutenak... zalantzarik gabe, interesgarria da gai horri buruz gaztetxoek duten ikuspegia. Fernando Rojo irakaslea ere ikasgelan izan da ikasle eta profesional holandarrekin, eta gaiari buruz hausnartu du. "Uste dut gai hau eskolan oso gutxi ematen dela, zerbait bai, baina DBH 4ko azken ebaluaketan. Etxean ez da hitz egiten, batzuek ez zaielako interesatzen eta beste batzuek beldurragatik". Etxean bezala, irakasleen artean ere gaiari heltzeko "beldurra" dagoela uste du Rojok. Hala azaldu ditu irakasleen erreparoak: "zer esaten duzun, hanka sartuko ote duzun, zure iragana eduki duzulako, zugan eragin duelako eta beldurra ematen dizulako".

Euskal Herrian bertan gaia lantzeko moduak eta gatazkaz hitz egite hutsak gatazka sortzen duen bitartean, ordea, Herbehereetan hedabide publikoek horri heltzearen aldeko apustua egin dute. "Nik uste dut interesa badagoela Europan. Tristea da gurean ez ematea, edo hemengo telebsita bat ez izatea, baina ondo dago Herbehereetakoa izatea", dio Rojok. 

Amaitzeko, euskal gatazkaz jardutearen garrantzia azpimarratu du Gizarteko irakasleak. "Ari gara garrantzia ematen industria iraultzari, iraultza frantsesari... dena Wikipedian dagoenean". "Gure iragana ez dugu ematen. Atzo gertatutakoa da, eta euskal gatazkak oraindik jarraitzen du, ez da bukatu". Gaineratu du iragan hurbileko gertakari horiek oraindik ere eragina dutela herritarren egunerokoan, "nahiz eta jendeak ezetz esan".