Maiatzera arteko kultur programazioa aurkeztu du udalak

Mireia Galarza Bastida 2021ko urt. 26a, 19:30

Zarauzko Udalak adierazi duenez, "kalitatezko kultura" eskaintzen saiatu dira, eta ahalegin berezia egin dute euskal artistei programazioan lekua egiteko. Dagoeneko salduta daude ekitaldi batzuetako sarrerak. 

Zarauzko Udalak, Eusko Jaurlaritzak ezarritako azken neurriak kontuan hartuta, maiatzera arteko kultur programazioa aurkeztu du. Irune Urbieta Kultura zinegotziaren arabera, "kalitatezko kultura" eskaintzen saiatu dira, betiere "ezohiko egoera" kontuan hartuta. Gainera, euskal artista eta konpainiei lekua egiteko "ahalegin berezia" egin dutela gaineratu du Urbietak. Horrela, literaturaz, arte plastikoez, musikaz, antzerkiaz eta dantzaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek datozen hilabeteotan. Hemen ikus daiteke programazioa edo fisikoki hartu daiteke Modeloko lehiatilan. QR kodearen bidez ere eskura daiteke. 

Hala ere, bizi dugun egoera aldakorrak hala behartuta, ez dituzte emanaldi guztien sarrerak salgai jarriko momentuz. Horrela, gaurtik hasi eta martxoaren 5era arte izango diren emanaldietako sarrerak jarriko dituzte salgai -emanaldi batzuetakoak agortuta daude jada-. Online eta Modeloko lehiatilan eskura daitezke. 

Mugikortasun mugen ondorioz, gainera, Zarauzko Udalak adierazi du herrian bizi ez direnek erositako sarreren dirua "jasotzeko aukera" izango dutela; horretarako, kultura@zarautz.eus helbidera idatzi beharko dute interesatuek ikuskizuna eta erositako erreferentzia kodea edo eserlekua zehaztuta. Hala ere, Urbietak zehaztu duenez, "sarrerak itzuli ahala" libre geratzen diren eserleku horiek berriro ere salgai jarriko dituzte. Urbietak, aldi berean, gaineratu du egoera "okertzen" bada aldaketak izan ditzaketela ikuskizunek. 

Hona hemen hurrengo emanaldiak: 

- Urtarrilak 29: Errimak bi oinetan, ikuskizuna. SARRERAK AGORTUTA
- Urtarrilak 31, 16:45: Italino Grand Hotel, antzerkia familian.
- Otsailak 5, 19:00: Ez dok ero, antzerkia.
- Otsailak 11, Olatz Salvador, kontzertua. SARRERAK AGORTUTA
- Otsailak 26, Gorria, dantza. SARRERAK AGORTUTA
- Otsailak 28, 16:45: Oilar bat dago zure teilatuan, antzerkia familian.
- Martxoak 5, 19:00: Panpina, antzerkia.

Beste ekintza batzuk

Gainerako kultur programazioak ere aurrera jarraitzen duela gaineratu du udalak. Irakurketa txokoak Miriam Mendozarekin izango dira, hilean behin, 3-6 urte bitarteko haurrentzat. Literatur solasaldiak, berriz, Gorka Arreserekin izango dira euskaraz, Amaia Garciarekin gazteleraz eta Olwen Mearsekin ingelesez. Solasaldiko irakurketen inguruko informazio gehiago Sanz Eneako liburutegian eta Zarauzko Udaleko agendan aurki daiteke. 

Erakusketei dagokionez, Sanz Enean zein Torre Luzean erakusketak izango dira ohiko ordutegian: egunero 18:00-20:00 bitartean. Erakusketen inguruko informazio zehatzagoa agendan ikus daiteke.